ENEEK-Ekolurrak ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapen publikoa defendatu du Legebiltzarrean
Ziurtapen ekologikoaren oinarria kontsumitzailearen konfiantza da, eta konfiantza hori sistema publiko independente batek bermatu behar du.
ENEEK-Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Administrazioa sinplifikatu eta arintzeko premiazko neurriei buruzko Lege Proposamenetik ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenari eragiten dion aldaketa kentzeko eskatu du. Lege-proposamenak aukera emango luke EAEn ekoitzitako elikagai ekologikoen kontrola eta ziurtapena ENEEK-Ekolurraren esku egon beharrean kontrol-entitate pribatuen esku ere jartzeko.
ENEEK-Ekolurraren arabera, aldaketa horrek ez die lege-proposamenaren sinplifikazio eta arintze helburuei erantzuten eta, aitzitik, arazo juridikoak, administrazio-konplexutasun handiagoa eta funtzionamendu-arazoak eragin ditzake.
Halaber, kontrol- eta ziurtapen-ereduan aldaketak kontsumitzaileen artean nahasmena sor dezake eta ekoizpen ekologikoaren inguruan urteetan osatutako egitura eta lankidetza-sarea ahultzeko arriskua dakar, sektorearen kohesioa eta indarra murriztuz.
Bestalde, ENEEK-Ekolurrak azpimarratu du ez dagoela aldaketa justifikatzen duen arrazoi ekonomikorik ere. Eskaintzen duen kontrol eta ziurtapen zerbitzuak kostu lehiakorra du, eta kostuaren %60 inguru sektoreko eragileek ordaintzen dute, beren kuoten bidez. Era berean, kuoten bidez jasotzen dituen diru-sarreren gutxi gorabehera erdia ekoizpen ekologikoa sustatzeko erabiltzen dela jakinarazi du.
Horregatik guztiagatik, egungo eredu publikoari eustearen alde irmo agertu da, gaur egungo sistema juridikoki sendoa, eraginkorra eta ekonomikoki lehiakorra dela iritzita.
Sektorearen parte-hartzerik gabe proposatutako aldaketa
ENEEK-Ekolurrak nabarmendu du proposatutako aldaketa sektorearen informaziorik eta parte-hartzerik gabe planteatu dela. Kontseilua Administrazioarekiko aholkularitza- eta lankidetza-organoa izan arren, ez zaio informaziorik eman, ezta kontsultarik egin ere lege-proposamena prestatzen ari zen bitartean.
Era berean, ez zaio txostenik eskatu ENEEK-Ekolurrari, nahiz eta gaur egun 836 eragile ekologiko ordezkatzen dituen eta bere gobernu-organoan sektoreko ordezkariak, kontsumitzaileen elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundietako ordezkariak biltzen diren. Ekoizpen ekologikoaren sektorea ordezkatzen duten ekoizle-elkarteei ere ez zaie informaziorik eman.
ENEEK-Ekolurrak ohartarazi du, gainera, proposamenak arau-erreferentzia deseguneratuak jasotzen dituela eta ez dituela behar bezala aztertzen kontrol-erakunde pribatu berriak sartzeak izan ditzakeen ondorio juridiko eta antolakuntzakoak.
Eredu publikoak zerbitzu unibertsal eta eraginkorra bermatzen du
ENEEK-Ekolurraren ustez, kontrol eta ziurtapen sistema publikoa funtsezkoa da ekoizpen ekologikoaren garapenerako. Europak nekazaritza ekologikoa sustatzea ezartzen du estatu kideek eredu iraunkorrago baterako trantsizioa bultzatzeko ildoetako baten barruan, eta horretarako ezinbestekoa da kontrol eta ziurtapen sistema sendo eta fidagarria izatea.
Egun Kontseiluak duen gobernantza-ereduak sektorearen parte-hartze zuzena bermatzen du, eta ENEEK-Ekolurraren gobernu-organoan ekoizpen, elaborazio eta merkaturatze sektoreko ordezkariak, kontsumitzaileen elkarteak eta erakunde publikoetako ordezkariak daude. Sektoreko ordezkariak lau urtean behin demokratikoki hautatzen dira.
Gainera, ENEEK-Ekolurrak UNE-EN ISO/IEC 17065 nazioarteko araua betetzen du, eta horrek, gobernantza-eredu publikoarekin batera, kontrol eta ziurtapen lanen inpartzialtasuna eta Europako araudiaren interpretazio egokia bermatzen laguntzen du. Aldi berean, sektore osoari zuzendutako kontrol eta ziurtapen zerbitzu unibertsala eskaintzen du.
Kontrol-entitate pribatuak sartzea ez lukete sinplifikazioa eragingo
ENEEK-Ekolurraren iritziz, sistema kontrol-entitate pribatu berriei irekitzeak ez luke administrazio-sinplifikazio handiagorik ekarriko, ezta sektoreko eragileen administrazio-kargak murriztuko ere. Kontrol-agintaritza bakar batek araudia modu bateratuan interpretatzea eta aplikatzea ahalbidetzen du, lurralde osoan irizpide berdinak bermatuz.
Aitzitik, hainbat kontrol-erakunderen arteko gainbegiratze-, koordinazio- eta informazio-truke mekanismo berriak ezarri beharko lirateke, Europako araudiak ezarritako betebeharrak betetzeko. Horrek, erakundearen arabera, administrazio-konplexutasuna handitzeko arriskua ekarriko luke, lege-proposamenaren helburuarekin kontrako norabidean.
Gainera, ez da ezagutarazi egungo ereduak huts egiten duenik, ezta kontrol publikoa ordezkatzeak ekoizleentzat edo herritarrentzat onura objetiborik ekarriko duenik ere.
Egungo eredua, zertifikazio publikoa, juridikoki bermatuta dago eta kontsumitzaileen sinesgarritasun osoa du
ENEEK-Ekolurrak gogorarazi du 20 urtez indarrean dagoen eredua, non erakundeak Euskadiko ekoizpen ekologikoaren kontrol- eta ziurtapen-agintaritza bakar gisa jarduten duen, Europako araudiarekin bat datorrela eta 10/2006 Legean oinarrituta dagoela.
Halaber, ENEEK-Ekolurrak azaldu du Espainiako autonomia-erkidego gehienek gaur egun ere antzeko ereduak dituztela, kontrol-agintaritza publikoetan oinarrituta.
Kontsumitzaileen ikuspegitik ere, kontrol- eta ziurtapen sistema publikoak berme eta konfiantza handia eskaintzen du. Ziurtapen ekologikoak kontsumitzaileari elikagai batek Europako ekoizpen ekologikoaren araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela bermatzeko funtzioa du, eta, beraz, ezinbestekoa da kontrol-sistema independentea, gardena eta interes partikularretatik babestua izatea. Eredu publikoak, gainera, zerbitzu unibertsala eskaintzea ahalbidetzen du, kokapena, izaera edo eragilearen tamaina edozein dela ere.
Horregatik, ENEEK-Ekolurraren ustez, edozein aldaketak kontsumitzaileen interesak ere kontuan hartu behar ditu.
Elikagai ekologiko baten baliorik handiena kontsumitzaileak haren gainean duen konfiantza da, Konfiantza hori erakunde publiko independente batek bermatzen du modu sendoenean.
Ildo horretan, EAEko kontsumo-elkarte desberdinek ere babesa adierazi diote egungo kontrol- eta ziurtapen-eredu publikoari, kontsumitzaileei eskaintzen dizkien bermeak, gardentasuna eta ziurtapen ekologikoaren sinesgarritasuna aintzat hartuta.
Sektoreari balioa ematen dion egitura
ENEEK-Ekolurra irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Kontrol eta ziurtapen lanaz gain, sektorearen eta Administrazioaren arteko solaskide gisa jarduten du; laguntzen kudeaketa, estatistikak eta administrazioen arteko koordinazioa errazten ditu, nekazaritza ekologikoaren eta elikagai ekologikoen sustapena egiten du eta sektoreko eragileei zerbitzu hurbila eta operatiboa eskaintzen die.
Horrenbestez, ENEEK-Ekolurrak ohartarazi du Kontseiluaren egitura eta eginkizunak ahultzen dituen edozein aldaketak ekoizpen ekologikoaren sustapenaren kontrako eragina izan dezakeela. Ildo horretan, gogorarazi du Euskadik oraindik urrun duela Europak 2030erako ekoizpen ekologikoaren arloan ezarritako helburuak betetzea, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako administrazio publikoei dei egin die ekoizpen ekologikoaren aldeko politika publikoak indartzen eta bultzatzen jarrai dezaten. Nekazaritza ekologikoa ez da soilik ekoizpen-eredu bat: ingurumenaren babesa, animalien ongizatea, biodibertsitatea, lurzoruaren eta uraren zaintza, landa-eremuaren biziraupena eta elikadura-sistema iraunkorrago baterako trantsizioa sustatzen dituen eredu estrategikoa ere bada. EAEk orain arte izan duen kontrol publikoaren eredua mantentzea da interes orokorra eta sektorearen etorkizuna hobekien babesten dituen aukera
Mezua argia da: Europar Batasunak ezarritako erronka lortzeko, ekoizpen ekologikoa indartu nahi bada, kontrol eta ziurtapen sistema publiko, independente, eraginkor eta sektorearekin batera gobernatutako baten alde egin behar da.


