Elikagai ekologikoen kontsumoa sustatzeko zozketa
Zenbait kontsumo talde eta kooperatibekin elkarlanean, ekimen berezi bat jarri dugu martxan irailaren 1etik 22ra, elikagai ekologikoen kontsumoa sustatzeko eta horiek eskaintzen dituzten tokiko establezimenduak ezagutarazteko.
Epe horretan parte hartzen duten establezimenduetan erosketaren bat egiten dutenek elikagai ekologikoz osatutako 100 euroko saski baten zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Ekimenaren bidez, kontsumitzaileak produktu ekologikoak ezagutzera eta kontsumitzera animatu nahi ditugu, eta, aldi berean, tokiko establezimendu eta banatzaileen lana babestu.
Zein establezimenduk parte hartzen dute?
Ekimenarekin bat egin duten kontsumo talde eta kooperatibak hauek dira: Iraunkor, Anbotopeko, Etartie, Eko-bide, Bionekazaritza, Lurgozo, Elikaenea, Bioalai, Ereindajan, Labore Oarso, Labore Txingudi, Txillarre, Elikagunea, Basagunea, Soronea, Ieraenea eta Lakari.
Nola parte hartu?
Irailaren 1etik 22ra bitartean parte hartzen duten establezimenduetan elikagai ekologikoren bat erosten duten bezeroek zozketan parte hartzeko aukera izango dute.
Zozketan banatuko diren saskiek 100 euroko balioa izango dute, eta establezimendu bakoitzak aukeratuko ditu bere saskia osatuko duten produktuak. Horrela, ekimenak aukera emango du denda bakoitzaren eskaintza ezagutzeko, baita inguruko ekoizleen produktuetara gerturatzeko ere.
Zozketa irailaren 23an egingo da, Nekazaritza Ekologikoaren Europako Egunean.
Elikadura ekologikoa eta tokiko sarea bultzatzen
Ekimen honekin, elikagai ekologikoen kontsumoa bultzatzeaz gain, ekoizleen, saltzaileen eta kontsumitzaileen arteko harremanak sendotu eta elikadura ekologikoaren inguruko kontzientzia zabaltzen lagundu nahi dugu.
Iraila aukera ona izango da, beraz, elikagai ekologikoen aldeko apustua egiteko eta gure inguruan horiek eskaintzen dituzten establezimenduak ezagutzeko.
Zorte on!


