Beste modu batean lan egitearen aldeko apustua

Eskubaratz Kooperatiba Txikia “Gure sektorea eta gure bizitzak duintzea da helburua, eta horretan ari gara”

Esaldi horrek ederki laburbiltzen du Eskubaratz Kooperatiba Txikiaren filosofia. Gazteek bultzatutako nekazaritza ekologikoko proiektu honek erakusten du lehen sektorean beste antolaketa eredu batzuk posible direla: escala txikian lan eginda ere, komunitatearekin lotura estua izatea, kalitatezko elikagai ekologikoak ekoiztea eta, aldi berean, lan duintasuna erdigunean jartzea.

Eskubaratzen historia 2013an hasi zen. “Hasieran amets zoro baten atzetik hasi ginen esperimentatzen eta ordu pila bat sartzen”, gogoratzen dute. Julen, Nere eta Jon unibertsitateko lagunak ziren, eta Julenen aitaren lurretan lehen urratsak egiteko aukera izan zuten. Ordutik hona proiektua sendotuz joan da, eta gaur egun bost lagunek osatzen dute kooperatiba. Hasieratik argi izan zuten ekoizpen ekologikoaren alde egingo zutela.

Ingurumen Zientzietan ikasitakoak izanik, ingurumenaren zaintza eta baliabideen erabilera arduratsua euren balioen parte izan dira betidanik. Horregatik, nekazaritza ekologikoa ez zen estrategia komertzial bat izan, baizik eta modu naturalean hartu zuten erabakia.

Duela gutxi kooperatiba bihurtu dira. Aurretik sozietate zibil gisa jardun bazuten ere, egitura berriak antolaketa administratibo eta ekonomiko sendoagoa eskaintzen diela azaldu dute. Eredu inspiratzaile gisa Oiartzungo Elika ortugintza eta Errigoitiko Bizkaigane aipatzen dituzte.

Eskubaratzen ustez, lehen sektoreak gazte gehiago erakartzeko duen erronka nagusia ez dago bokazio faltan, lan baldintzetan baizik. Belaunaldi askok lanaldi amaigabeak eta ordainsari eskasak ezagutu dituzte, eta hori gainditu ezean zaila izango da erreleboa bermatzea. “Ez da nahikoa baserri mundua gustuko izatea”, diote.

Haientzat, lan duina malgutasunarekin hasten da: ordutegia eta egutegia antolatzeko aukera izatea, asteburuak atseden hartzeko tartea izatea, soldata duina jasotzea eta lanak eguneroko bizitza guztiz ez irenstea. Nekatuta egotea une jakin batzuetan normala dela aitortzen dute, baina ezin dela hori etengabeko egoera bihurtu.

Helburu hori lortzeko hainbat neurri hartu dituzte. Horietako garrantzitsuena lan hitzarmen propioa egitea izan da, kanpoko laguntza batekin. Ordutegi finkatua dute eta ahalik eta gehien errespetatzen saiatzen dira. Astean hiru arratsalde libre dituzte, eta azoketako salmentak txandaka antolatzen dituzte; horrela, bakoitzak lau edo bost astean behin baino ez du larunbatean lan egiten.

Oporraldiak ere zehaztuta dituzte, eta urtez urte atseden egun gehiago hartzeko lanean ari dira. Bestalde, lanen antolaketan ere aldaketak egin dituzte. Hasieran denek denetik egiten bazuten ere, denborarekin konturatu dira zenbait arlotan espezializatzeak eraginkortasuna eta lasaitasuna ekartzen dituela. Horrela, ardurak hobeto banatzen dira eta kide bakoitzak bere eginkizunetan sakontzeko aukera du.

Eskubaratzeko kideen ustez, euren eredua beste proiektu batzuetan ere aplika daiteke, baldin eta oinarrizko baldintza batzuk betetzen badira: lantalde konprometitua, azpiegitura egokiak eta elkarlanerako borondate sendoa. Azpimarratzen dute erronka handiena kolektiboan lan egiteak dakarren etengabeko ariketa dela: negoziatzea, elkar entzutea, besteen lana aitortzea eta konfiantza eraikitzea.

Maila pertsonalean, proiektuak zentzua ematen die. Sinesten duten jarduera batean aritzen dira, ilusioz elkartzen dira egunero lanean, eta inguruko nekazariekin, kontsumitzaileekin eta bestelako eragileekin sortzen dituzten harremanak aberasgarriak direla diote.

Etorkizunari begira, amets argia dute: elikadura sistema osasuntsu bat eraikitzea, lurrarekin lotura zuzena izango duten pertsona zoriontsuek osatua. Eskubaratzen esperientziak erakusten du nekazaritza ekologikoa ez dela soilik elikagaiak ekoizteko modu bat; lan egiteko, antolatzeko eta landa eremuan etorkizuna eraikitzeko beste modu baten adibidea ere bada.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
Share