Zer da

EKOIZPEN EKOLOGIKOA?

Ekoizpen ekologikoa, biologikoa edo organikoa elikagaiak ekoizteko eredu bat da. Lurraren emankortasuna eta ekosistemen, abereen zein gizakien osasuna mantendu eta indartzea du xede.

Prozesu ekologikoetan, bioaniztasunean eta tokian tokiko zikloetan oinarritzen da, kutsadura eragingo luketen kanpo-baliabideak baztertuz.

Horregatik, nekazaritza ekologikoaren teknikak muzin egiten die ongarri kimiko, pestizida, genetikoki eraldatutako organismo eta, orokorrean, naturalak ez diren bestelako gai sintetikoei.

Nekazaritza ekologikoak betiko ohiturak, berrikuntza eta zientzia uztartzen ditu. Guztiok partekatzen dugun ingurumena zaintzen du; bidezko harremanak bultzatzen ditu; bizi kalitatea zentzurik zabalenean hobetzeko lan egiten du.

Ekoizpen ekologikoaren helburuak
1

Elikadurari, dastamenari, ingurumenari eta gizarteari dagokionez, kalitate handiko elikagaien barietate zabala lortzea.
2

Nekazal ingurunea eta naturaren zikloak errespetatzea, lurraren, uraren, laboreen zein animalien osasuna eta haien arteko oreka babestuz.
3

Nekazaritza-sistemaren aniztasun biologikoa bere osotasunean emendatzea.
4

Energiaren eta naturalak diren baliabideen erabilera arduratsua egitea.
5

Abereen ongizatea bermatu eta espezie bakoitzaren berezko portaera errespetatu.
6

Nekazal produktuen manipulazioa metodo arduratsuetan oinarritzea, produktuaren osotasun organikoa eta ezaugarriak etapa guztietan gordeaz.
7

Gure nekazaritza eta paisaiaren ondare aberatsa zaindu eta hobetu.
8

Landa-eremuaren garapen iraunkorra lortzea.

NEKAZARITZA

Lurra

Nekazaritza ekologikoa lurrean oinarritutako ekoizpen sistema bat da. Beraz, elikagaiak berez dauzkan ezaugarriak lortzeko, ezer baino lehen, lurra zaindu eta aberastu beharra dago.

Emankortasuna

Lurraren emankortasuna bere ezaugarri fisiko, mineral eta biologikoa optimizatuz orekan mantentzen den sisteman oinarritzen da. Horrela, nutrienteen hornikuntza orekatuaren bitartez lurraren baliabideak bere horretan mantendu eta animalia zein landareen beharrizanak asetzen dira. Ekoizpena iraunkorra izan behar du eta nutrienteak berrerabili behar dira, emankortasunaren oinarri bezala. Lurrari ongarri ekologikoak gehituz (simaurra, landare-hondarrak, konposta) emankortasuna eta ekoizpena handitzen dira. Nekazaritza ekologikoak ez dira lurrik gabeko laborantza-teknikak onartzen, hala nola ekoizpen hidroponikoa.

Bioaniztasuna eta haziak

Hazien jatorria ekologikoa da. Ez dira transgenikoak onartzen. Hazi komertzialak erabiltzen dira (baita hibridoak ere), baina bertoko barietateei lehentasuna ematen zaie. Gure nekazaritzaren eta kulturaren hondarea dira tokian tokiko barietateak. Nekazaritza ekologikoak ezartzen dituen baldintzetara egokitzeko ahalmen handiagoa erakusten dute, nekazaritza tradizionalean aukeratuak izan baitira. Insumo gutxiko nekazaritzara ohituta egoteaz gain, eskuldean dauden lur eta baldintza klimatikoetara egokituta daude. Honek egiten du izurri eta gaixotasunen aurkako erresistentzia naturala garatu izana.
Nekazaritza bioanizatasuna ez da soilik baliabide genetiko bat. Kulturarekin batera sistema konplexu bat osatzen duela kontuan hartuz gero, bertokoak eta ekologikoak diren hazien ekoizpenak eta elkartrukerako ekimenak oso garrantzitsuak direla ohartuko gara, bai hazien monopolioei aurre egiteko eta baita transgenikoen kutsadura ekiditeko ere.

 

Laboreen osasuna

Intsektu-komunitateen oreka naturala bultzatuz, izurri ez bilakatzearen onurak aprobetxatuz, gaixotasunei aurre egiteko ahalmena areagotzen duten teknikak laboreetan aplikatuz, ongarrien erabilera murriztuz, laboreen arteko elkarte eta errotazioak doituz… laboreen osasuna mantentzea lortzen da. Egoerak eskatzen duenean, landare, abere, mikrobio edo mineral-jatorria duten produktu fitosanitarioekin tratamenduak burutzen dira.

ABELTZAINTZA

Aterpea

Ekoizpen unitateek animalien babeserako aterpeak izan beharko dituzte. Baldintza klimatikoek animalien bizitza kanpoan izatea ahalbidetzen duten eremuetan, ordea, aterpeak ez dira beharrezkoak izango.

Azpiegiturak animalien ongizaterako arauak eta beharrak errespetatzeko diseinatuak egon behar dira: aireztapen eta argiztapen naturala; animaliak etzan, zutitu eta ariketa fisikoa maiz egiteko aukera ematea; infekzioak ekidin aldera modu egokian garbitu eta desinfektatzea; animalia bakoitzarentzat egokia den azalera minimoa izatea.

 

Lurra

Lurraren emankortasuna bere ezaugarri fisiko, mineral eta biologikoa optimizatuz orekan mantentzen den sisteman oinarritzen da. Horrela, nutrienteen hornikuntza orekatuaren bitartez lurraren baliabideak bere horretan mantendu eta animalia zein landareen beharrizanak asetzen dira. Ekoizpena iraunkorra izan behar du eta nutrienteak berrerabili behar dira, emankortasunaren oinarri bezala. Lurrari ongarri ekologikoak gehituz (simaurra, landare-hondarrak, konposta) emankortasuna eta ekoizpena handitzen dira. Nekazaritza ekologikoak ez dira lurrik gabeko laborantza-teknikak onartzen, hala nola ekoizpen hidroponikoa.

 

Abereen elikadura

Hazkuntza-sistemak larreen erabilera ahalik eta handienean oinarritzen dira.Pentsuak nekazaritza ekologikotik eratorritako lehengaiekin eginak dira.Kumeen elikadura esne naturalean oinarritzen da. Ahal den guztietan, amarena izaten da.Elikadurarako, ez dira genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzen.

Albaitari zaintza

Ekoizpen ekologikoa gaixotasunen prebentzioan oinarritzen da. Horretarako, ingurunera egokitutako arraza edo leinuak erabiltzeaz gain, kalitate goreneko elikagaien erabilera, larratze erregularra eta azpiegituren tamainara egokitutako abere kopurua modu aproposean konbinatzen dira.

Gaixotasunak ekiditeko hartutako neurriak nahiakoak ez badira, eta animaliak gaixotzen badira, lehenik eta behin zaindu egiten dira, behar izanez gero besteengandik bananduz. Albaitari batek gainbegiratutako tratamendu egokia aukeratzen da. Batez ere, homeopatia eta fitoterapia (sendabelarren estraktu eta esentziak) erabiltzen dira, albaitaritzako sendagai alopatikoen erabilera (antibiotikoak barne) mugatuz.

Ekoizpen metodoa

Segurtasun arrazoiengatik izan ezean, abereak ez daude lotuta ezta itxita ere.Animaliek larratzeko aukera dute, beti ere klimatologiaren, lurraren eta animalien baldintzak egokiak direnean. Larratzeko aukera ez dagoen garaietan, ariketa fisikorako zein bazkarako eremuak dauzkate abereek.Animaliak garraiatu behar diren kasuetan ez dira lasaigarri alopatikoak edota animaliak behartzeko sistema elektrikoak erabiltzen.Haragia-ekoizpenera zuzendutako animaliak soilik baimendutako hiltegietan hiltzen dira.

Hegaztien hazkundea

Abeltzaintza eredu ekologikoak ingurumenean zein animalien ongizatean dituen onurak jakinak dira, eta erosten den haragia eta esnekiak larreetan hazitako abereetatik datorrela ziurtatzeko modu erraza da. Beraz, onura horiek ekoizpenetan ere islatzen dira. Haragiaren kasuan, honako abantaila hauek ditu:

  • Haragia gantz azido asegabeetan aberatsagoa da, eta osasunarentzat gomendagarriagoak dira.
  • Gantzak oxidazio gutxiago izaten du.
  • Botiken aztarnekin kutsatzeko arrisku gutxiago dago.
  • Haragiak kolore biziagoa dauka.
  • Abereen elikadurari esker, esnearen osaera ezberdina da.
  • Animalien esne ekoizpen maila jasangarria da ekoizpen ekologikoan.
  • Hainbat azterlanek jakinarazi dute esne ekologikoak omega-3 eta Linoleikoaren gantz azido konjugatu eduki handiagoa duela.

Hegaztien hazkundearen kasuan, honako abantaila hauek gehitzen zaizkio:

  • Ekoizpen ekologikoan animalia bakoitzeko espazioa handiagoa da, bai barruan bai kanpoan.
  • Oiloen berezko jokabidea sustatzen da, hala, aire librean hazten uzten zaie, belarrez estalitako lursailak eskaintzen zaizkie zuhaixka eta aterpeekin.
  • Oilo taldeen tamaina mugatuta dago. Hegazti gutxiago izateak hegaztien estres maila baxuagoa izatea bermatzen du.
  • Oiloen elikadura lehengai ekologikoak dira, hau da, transgeniko, pestizida zein bestelako produktu kimikorik erabili gabeko ekoizpenak. Gainera, gutxieneko bat inguruan ekoitzia izan behar da.
  • Oiloei gutxienez 8 orduko loaldia edo atsedena ziurtatzen zaie.

Eta hori guztia, ekoizpenean islatzen denez, arrautzek abantaila hauek dituzte:

  • Arrautzak mantenugai asko ditu eta gure gorputzak erraz erabiltzen ditu gai horiek.
  • Arrautza ekologikoak merkatuan dauden benetakoenak dira. Arrautzen markatze-kodeak ekoizpen-sistemaren berri ematen duen lehen zenbaki bat du. Zenbaki honek 0tik 3ra bitarteko eskala du, eta kaiolako hazkuntzan amaitzen da. Ekoizpen ekologikoari 0 zenbakia aitortzen zaio, eta honekin merkatuan eskuragarri dagoen arrautzarik naturalena edo autentikoena dela aitortzen da.
  • Hainbat azterketetan neurtu da hegazti-hazkuntza intentsiboan ekoitzitako arrautzen aire-ganbera jatorri ekologikoena baino nabarmen handiagoa dela. Horrek adierazten du arrautza ekologikoak hobeto eratzen direla eta hala oskoleko iragazkortasun maila txikiagoa dela, ondorioz, kanpoko aire gutxiago sartzen da arrautzetan eta freskotasun handiagoa mantentzen dute.
  • Estatistikoki desberdintasun esanguratsuak ez badira ere, arrautza ekologikoek proteina maila altuagoak dituzte.
  • Arrautza gorringoaren kolorea naturala da. Animalien elikaduran ez dira koloragarri sintetikoak erabiltzen.

ELABORAZIOA

Printzipioak

Produktu ekologikoen elaborazioa elikagaien berezko ezaugarriak mantentzean datza, eta horretarako hurrengo printzipioetan oinarritzen da:

  • Osagai guztiak edo behintzat osagaien %95 nekazaritza ekologikoan ekoiztuak dira.
  • Elikagaien gehigarriak araudiak zehazten dituen kasuetara mugatzen dira.
  • Ezin dira elikagaien izaera zalantzan jar dezaketen teknikak edota substantziak erabili.

Prozesuaren kontrola

Elikagai hauek egiteko prozesua erabat kontrolatua dago lehengaiak ekoizpen-unitatean sartzen diren momentutik: biltegitik hasi, eta denda zein banatzaileenganaino.

Produktu ekologikoak eta ez ekologikoak lantzen dituzten unitateetan, ekologikorako eremuak banatuta eta ondo identifikatuta daude, kutsatzeko aukerarik egon ez dadin (apalak, makineria, biltegiak…).

Azpiegiturek produktu ekologikoarentzat linea bereziak izaten dituzte, eta kasu horietan kontrol zorrotz bat eramatera behartuta daude. Produktu ekologikoak egunaren lehen orduetan elaboratu behar dira, azpiegiturak garbi eta desinfektatuta dauden momentuan. Prozesua etenik gabekoa izan behar da.

Ontziratzean, materialen birziklatzea eta ontziak itzultzeko aukera ere kontuan hartzen dira.

Euskadin EKOLURRAK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak) bermatzen du elikagaien ekoizpen eta salmenta ekologikoa.
Europa mailan, ES-ECO-026-VAS kodearekin identifikatzen da.

Nola bermatzen da elikagai baten jatorri ekologikoa?