20 urteko ibilbideak berretsi du elikadura ekologikoaren garrantzia eta ziurtapen publikoaren beharra

ENEEK-Ekolurrak nekazaritza ekologikoaren garapena eta ziurtapen publikoaren eredua aldarrikatu ditu Europako Nekazaritza Ekologikoaren Egunean

Irailaren 23an Europako Nekazaritza Ekologikoaren Eguna ospatu da. Aurten, gainera, urteurren berezia da EAEn: ENEEK-Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, hogei urte bete ditu. Bi hamarkada hauetan, Kontseiluak nekazaritza ekologikoaren sektorearen bilakaera gertutik ezagutu du, eta ekoizleen lana, ereduaren garapena eta ziurtapen publikoaren garrantzia izan ditu ardatz.

Euskal Herrian, nekazaritza ekologikoaren lehen urratsak 1980ko hamarkadaren amaieran eman ziren, nekazaritza intentsiboaren ereduaren inguruko kezkak handitzen ari ziren garaian. Baserritar eta ekoizle batzuek ongarri kimikoen eta pestiziden erabilera murriztea edo baztertzea erabaki zuten, eta, aldi berean, ingurumenaren zaintzaren, elikadura osasuntsuagoaren eta tokiko ekoizpenaren aldeko kontzientzia zabaltzen hasi zen. Irailaren 24ko 229/1996 Dekretuaren bidez, ne­kazaritza ekologikoaren ekoizpena, elaborazioa eta merkaturatzea arautu ziren. Kontseiluari garrantzi handiagoa emate aldera, eta horrenbestez, bertan ordezkaturiko sektoreari ere bai, Kontseiluaren konfigurazio juridikoa aldatzea eraba­ki zen eta Abenduaren 29ko 10/2006 Legearen bidez, ENEEK-Ekolurra, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua sortu zen, zuzenbide publikoko korpora­zio gisa.

Ordutik hona, nekazaritza ekologikoak bide luzea egin du EAEn, eta sektorea sendotu eta hazi egin da, sektorearen beraren eta merkatuaren bilakaeraren ondorioz. Une honetan, ordea, inoiz baino beharrezkoagoa da eredu ekologikoa sustatu eta indartzeko estrategia argi bat izatea, orain arteko aurrerapausoak sendotu eta datozen urteetako garapena bideratzeko.

Hogei urteko ibilbide honen eta gaur egungo erronken aurrean, ENEEK-Ekolurrak nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua indartzeko beharra azpimarratu du: «Sekula baino garrantzitsuagoa da urrats eraginkorrak ematea eta nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua sendotzea. Gure paisaiari begiratzea besterik ez dago bizi dugun egoeraren larritasunaz jabetzeko. Eredu ekologikoaren aldeko apustua egitea funtsezkoa da ingurumenaren eta biodibertsitatearen zaintza, animalien ongizatea eta gure osasuna babesteko, eta etorkizunerako lur emankorrak bermatzeko».

Kontseiluaren esanetan, sektorearen etorkizuna bermatzeko ez da nahikoa ekoizleen ahalegina: administrazio publikoen konpromiso eta plangintza argia ere behar dira. «Beharrezkoa da sektorearen etorkizuna bermatuko duen zehar lerroko estrategia martxan jartzea, helburu, baliabide eta konpromiso zehatzekin. Kontseiluak bere prestutasuna adierazi nahi du norabide horretan.

Euskadik oraindik bide luzea du Europar Batasunak 2030erako ezarritako ekoizpen ekologikoaren %25eko helburura iristeko. Horrenbestez, ENEEK-Ekolurrak administrazio publikoei eskatu die ekoizpen ekologikoaren aldeko politikak indartzen jarrai dezatela, sektorearen etorkizuna planifikatzeko estrategia osoa abian jar dezatela eta orain arteko kontrol eta ziurtapen publikoaren eredua sendotu dezatela.

Ikuspegi horren baitan, agroekologiak garrantzi berezia hartzen du, nekazaritza ekologikoa ekoizpen-eredu eta oinarri hartzeaz gain, nekazaritza-jardueraren dimentsio soziala, ekonomikoa eta komunitarioa ere barne hartzen ditu, tokiko testuingurua eta lurraldearekiko harremanak aintzat hartuta elikadura-sistema bidezkoago eta jasangarriago bat eraikitzeko.

Hogei urteko bilakaera

ENEEK-Ekolurraren hogei urteko ibilbideak erakusten du Euskadin nekazaritza ekologikoa errotu egin dela. Eragile gehiago daude, azalera ekologikoa handitu egin da eta kontsumoak ere gora egin du.

2008an, 237 eragile eta 1.350 hektarea ekologiko zeuden erregistratuta EAEn. 2025ean, berriz, 813 eragile eta 18.167 hektarea zeuden erregistratuta. Azken urteetan mendi komunalak eredu ekologikoan ziurtatzeak ere eragin nabarmena izan du azalera ekologikoaren hazkundean.

Kontsumoan ere, EAE nabarmentzen hasi da: 2025ean, elikagai ekologikoen kontsumo per capita handiena izan zuen Estatuko autonomia-erkidegoen artean, 99 euro biztanleko, Estatuko batez bestekoaren (66 €) gainetik.

Gaur egun, Euskadin nekazaritza-azalera erabilgarriaren %9 inguru dago ekoizpen ekologikoan ziurtatuta. Ehuneko hori Europako batez bestekora (%11,1) hurbiltzen ari bada ere, oraindik tarte handia dago Europar Batasunak 2030erako ezarritako %25eko helburura iristeko.

Ziurtapen publikoa, konfiantzaren bermea

Elikagai ekologikoek kontsumitzaileen eskaerari erantzuten diote, ingurumenaren zaintza, elikadura osasungarria eta animalien ongizatea bermatzen dituen ekoizpen-eredu baten bidez. Era berean, ekoizpen ekologikoaren hazkundea eta sektorearen sendotzea ezin dira ulertu kontsumitzaileen konfiantzarik gabe. Horregatik, ENEEK-Ekolurrak irmoki defendatzen du ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapena sistema publiko, independente eta sektorearen parte-hartzean oinarritutakoa izan behar dela.

Kontsumitzailearen konfiantza da ziurtapenaren oinarria, eta konfiantza hori interes partikularretatik babestutako sistema garden eta inpartzial baten bidez bermatu behar da.

Ikuspegi horretatik, ENEEK-Ekolurrak ohartarazi du Kontseiluaren egitura eta eginkizunak ahultzen dituen edozein aldaketak ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenaren sendotasuna kaltetu eta, ondorioz, sektorearen garapena eta sustapena oztopa ditzakeela.

Ildo horretan, irailaren 7an Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Administrazioa sinplifikatu eta arintzeko premiazko neurriei buruzko Lege Proposamenetik ekoizpen ekologikoaren kontrol eta ziurtapenari eragiten dion aldaketa kentzeko eskatu zuen ENEEK-Ekolurrak, egungo ziurtapen publikoaren eredua mantendu eta sendotzeko beharra azpimarratuz.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
Share