EHKO Mantangorria: Euskal Herriko produktu agroekologikoak identifikatzeko zigilu berria

2026ko urriaren 17an, EHKOlektiboak EHKO Mantangorria identifikatzaile agroekologikoa aurkeztu zuen Ordizian, Euskal Herriko etxalde eta produktu agroekologikoak identifikatzeko eta haien ikusgarritasuna handitzeko helburuarekin. ENEEK-Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, proiektuaren eta ekimenaren babesle gisa parte hartu zuen, eta aurkezpenaren harira antolatutako azokan ere izan zen, nekazaritza ekologikoari buruzko informazioa eta Kontseiluaren lana herritarren artean zabaltzen.

Zer da EHKO Mantangorria?

EHKO Mantangorria Euskal Herriko etxalde agroekologikoak eta haien ekoizpen-eredua identifikatzeko sortutako zigilua da. Nekazaritza ekologikoaz gain, tokiko ingurunearekin duen lotura, etxaldeetako pertsonen zaintza eta ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzen dituzten praktikak ere hartzen ditu kontuan.

Zigiluak lau irizpide nagusi ditu oinarri: nekazaritza ekologikoan ziurtatuta egotea, tokiko ingurunearekin eta biodibertsitatearekin lotura izatea, etxaldean lan egiten duten pertsonen zaintza bermatzea eta ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzea, bereziki merkaturatze-zirkuitu laburren bidez.

Irizpide horiek betetzen direla ebaluatzeko, Berme Sistema Parte-hartzailea (BSP) erabiltzen da. Sistema horrek ekoizleen, herritarren eta beste gizarte-eragile batzuen parte-hartzea eta konfiantza ditu oinarri, eta agroekologiaren ikuspegi kolektiboa indartzen du.

Nekazaritza ekologikoaren ziurtagiriari dagokionez, EAEn ENEEK-Ekolurra da ekoizpen ekologikoaren araudia betetzen dela bermatzen duen kontrol-agintaritza.  Nafarroan CPAEN-NNPEK eta Iparraldean INAO. Horrela, EHKO Mantangorriak nekazaritza ekologikoaren bermea abiapuntu hartzen du, eta bestelako alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak ere gehitzen dizkio.

Etxalde txikien saretzea eta agroekologiaren sustapena

EHKO Mantangorriaren aurkezpenean Euskal Herri osoko 33 ekoizle bildu ziren. Hala ere, EHKOlektiboa 60 etxalde baino gehiagok osatzen dute, eta horiei kolektiboaren parte diren herritarrak gehitu behar zaizkie. Datu horiek erakusten dute agroekologiaren inguruan ekoizleak eta herritarrak elkartzeko eta elkarlana sustatzeko dagoen sarearen garrantzia.

ENEEK-Ekolurraren ikuspegitik, ekimen honek nekazaritza ekologikoaren ziurtagiriak bermatzen duen ekoizpen-eredua ikuspegi agroekologiko zabalago batekin osatzeko aukera ematen du. Nekazaritza ekologikoaren ziurtagiriak ekoizpen ekologikoaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzen du; araudi horrek elikagaiek eta haien ekoizpen-prozesuek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu. EHKO Mantangorriak, berriz, ikuspegi zabalagoa eskaintzen du, tokikotasuna, etxaldeen ezaugarriak eta lan-baldintzak, biodibertsitatea eta ekonomia sozial eta eraldatzailea ere kontuan hartzen baititu.

Kontsumitzaileentzako informazioa eta ekoizpen ekologikoaren aitortza

Elikagai ekologikoen ezaugarriak eta haien atzean dauden ekoizpen-ereduak herritarrei ezagutaraztea funtsezkoa da kontsumo arduratsua sustatzeko. Ildo horretan, EHKO Mantangorria bezalako ekimenek aukera ematen diete kontsumitzaileei elikagaien jatorria hobeto ezagutzeko, haien ekoizpenaren oinarrian dauden balioak eta praktikak ulertzeko eta eredu agroekologiko bati erantzuten dioten produktuak identifikatzeko.

Azken batean, EHKO Mantangorriak Euskal Herriko etxalde txikien saretzea, haien ekoizpenaren aitortza eta agroekologiaren hedapena sustatzen ditu. Horrelako ekimenek nekazaritza ekologikoaren inguruko informazioa zabaltzeko, kontsumitzaileen ezagutza handitzeko eta tokiko ekoizpena zein ekoizpen-eredu jasangarriagoak babesteko aukera eskaintzen dute.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
Share