Ekologistak Martxan, WWF elkarteek eta Nekazaritza Ekologikoaren Espainiako Elkarteak (SEAE) nekazaritzan erabiltzen diren produktu agrotoxikoei buruzko “Nekazal-ekoizpen ez-jasangarriaren motxila toxikoa” izeneko txostena aurkeztu zuten.
Azterlan honetan, Espainian 2011-2018 urteetan erabilitako plagiziden arriskuen balantzea burutu dute, substantzia horien eraginak modu integralean aztertzen dituen metodologia baten bidez.
Europako Itun Berdeak agente toxiko hauen erabilera % 50 murriztea proposatzen du, baita pertsonen osasun eta naturarentzat toxikoenak diren horien erabileraren % 50a ezabatu ere.
Nekazaritza industrialaren gorakadak kaltegarriak diren substantzia toxikoen presentzia areagotu du. Honek pertsonen osasuna kaltetzen duten toxikotasun akutua, mutageneitatea eta ugalketarako toxikotasun arriskuak ekarri ditu.
Sustantzia horien neurrigabeko erabilerak bioaniztasuna ere arriskuan jarri du; izan ere, 2017an egindako Europako azterlan baten arabera, munduan intsektuen % 80 galdu dugu.
Lurra bera ere kutsatzea beste arrisku-faktore bat da; izan ere, denbora luzez aktibo egoten diren agenteak direnez, lur horiek erabat baldintzatuta geratzen dira elikagaiak ekoizteko, eta, aldi berean, lur emankorra galtzen da.
Europako erakunde ofizialek adierazi dutenez, pestiziden erabilera arriskua % 22 murriztu da Espainiako Estatuan azken bost urteetan. Azterlan honetan, ordea, 2011 eta 2018 arteko aldian, hiru erakundeek eskainitako datuek oso bestelako erradiografia bat erakusten digute: erabilera horien arriskua handitu egin da denbora horretan.
Agrokimikoen kontsumoa % 5,6 igo da, eta, erabilerak duen arriskua nabarmen jaitsi dela adierazi du Ministerioak. Kontraesana. Nekez uler daiteke kontsumoa handitu ahala, arriskuak behera egitea.
Hiru gizarte-eragileek Nekazaritza Ministerioak produktu kaltegarrien erabilera kalkulatzeko erabilitako metodologia kritikatu dute. Espainiako neurketa ofizialak arrisku-adierazle harmonizatu batean oinarritzen ditu estatistikak, plagizidak lau taldetan banatuz, arrisku txikiko substantzietatik baimendu gabekoetara. Kategorizazio horrekin, glifosatoa bezalako produktu kaltegarrien eragina hutsaldu eta sinplifikatzen dela kritikatu dute.
Paradigmatikoa da, gainera, Espainian baimendu gabeko produktuetako bat, dikloropropenoa, gehien erabiltzen den hirugarrena izatea, salbuespenezko kasuistikei helduta.Txosten honen egileek konplexutasun handiagoko analisi-metodologia bat proposatzen dute, produktu bakoitzaren karga toxikoaren neurketan oinarrituta.
Amaitzeko, pertsonen eta ingurumenaren osasuna hobetzeko neurri sorta bat proposatu dute.
Neurri lotesleak eskatu dizkiete erakundeei, plagizidak murrizteko Itun Berdeak jasotzen dituen asmo handiko helburuak gauza daitezen. Aldi berean, plagiziden arriskuak kalkulatzeko metodoetan hobekuntzak egitea eta datu horien gardentasun publikoa bermatzea eskatu dute.