Desitxuratzearen kontra, kontzeptu argiak
Laborantza-lurrek, oro har, beren ekoizpen-ahalmena, hau da, emankortasuna galduz joan direla aspalditik hautemana dute nekazariek. Atera kontu: duela mende bat, 1924an, 6 nazionalitate desberdinetako 111 pertsonak parte hartu zuten Koberwitz-en (Silesia, Polonia) historiako nekazaritza ekologikoari buruzko lehen formakuntza-saiotzat hartzen den “Nekazaritza Biologiko-Dinamikoari buruzko Ikastaroa”-n, Rudolf Steinerrek emana. Topaketa hauek konferentzia ezberdinez osatu ziren, eta hitzaldi horien helburua zen natura elikagaien ekoizpenarekin lotzen diren jarduera guztien erdigunean, edo hobeto esanda, gailurrean birkokatzea. Hamarkada batzuk geroago, hazi haiek fruitua eman zuten, nekazaritza-eskola berri bat sortuz: biodinamika, zeinak nekazaritza ekologikoa oinarritzat hartuta, ziurtagiri propioa duen, Démeter izenekoa. Bereizgarri hau lortzeko, ezinbesteko baldintza da ziurtagiri ekologikoa izatea eta, horrezaz gain, beste parametro gehigarri batzuk betetzea. Milaka nekazarik praktikatzen dute planetan zehar.
Steinerren antzeko garai batean, XX. mendeko 30eko hamarkadan, Sir Albert Howard ingelesak Indiako nekazariengandik ikasi zituen gaur egun materia organikoaren tratamendurako eta balorizaziorako oinarri diren konpostaje-teknikak. Howardek, halaber, ikuspegi holistiko baten alde egin zuen nekazaritza-lurren kudeaketan, lurraren emankortasunean eta laboreen osasunean humusak eta materia organikoak jokatzen duten rolean arreta berezia jarriz. Howard-ek lurra biluzik ez uztearen eta estaldura-laboreak ereitearen egokitasunean azpimarra jarri zuen ere. Bere lana inspirazio iturri izan zen Lady Eve Balfour-entzat. Balfourrek Howarden printzipioak praktikan jarri zituen bere etxaldean, mugimendu organikoarentzat erreferentziazko liburu bat idatzi zuen (The Living Soil, 1942) eta 1946an Soil Association sortu zuen. Horrezaz gain, Nekazaritza Ekologikoko Mugimenduen Nazioarteko Federazioaren sorreran parte hartu zuen (IFOAM erakundea, 1972an jaioa). Bien garaikidea, eta era berean Albert Howarden lanak eraginda, J. I. Rodale idazle eta editore iparramerikarrak 1942an Organic farming and gardening aldizkaria sortu zuen (argitalpen hori 70 urtez mantendu zen). Bera da ere Rodale Institutua martxan jarri zuen, AEBetan ekoizpen ekologikoaren sustapenean aitzindaria. Rodale-eri berari egozten zaio “nekazaritza organikoa” terminoa ezagutarazi izana, baita “nekazaritza birsortzailea” terminoa sortu izana ere, eredu ekologiko-organikotik harago doan urrats gisa, baina betiere ekoizpen ekologikoari lotuta.
Alegia, lurzoruak, nekazaritza-lurrak birsortzeko beharra duela mende bat hautemana zen. Are gehiago, 100 urte dira jada egun ekoizpen ekologikoarekin zuzenean lotuta dauden eta lurra birsortzeko orduan eraginkorrak izan diren praktikak frogatzen hasi zirenetik: materia organiko konpostatua ematea, laboreak txandakatzea, zuzeneko ereintzak edo lur-lantze minimoa, ortuariak bankal iraunkorretan laboratzea, labore ezberdinen elkarketak, estaldura-laboreak, ongarri berdeak, biodibertsitatea sustatzea baratzeetan zein inguruko eremuetan, abere-zama mugatzea, animalien berezko portaera errespetatzea…
Baina historiako trenak Bigarren Mundu Gerraren amaiera ekarri zuen, nekazaritza-ekoizpenean erabil zitezkeen substantzia kimikoen soberakin garrantzitsu batekin batera: lehergailuetarako nitratoek ongarri gisa amaitu zuten, DDT bezalako plagizidak, soldaduen artean intsektuek eragindako gaixotasunen transmisioa prebenitzeko asko erabili zirenak, izurriteen aurkako irtenbide magiko bihurtu ziren, eta gerra kimikora bideratutako organofosforatuek intsektizida edo herbizida gisa amaitu zuten. 60ko hamarkadatik aurrera, Iraultza Berdeak are gehiago bizkortu zuen nekazaritzaren eta nekazaritzari eusten dion elementuaren arteko deskonexioa: nekazaritza-ekoizpenean lurzorua, lurra, substratu bizigabe gisa hartu zen. Areagotze horren ondorio kaltegarriak berehala agertu ziren, eta honek ekarri zuen ere beste nekazaritza-eredu baten aldeko mugimendua pixkanaka haztea: lurra birsortzen duen, animaliak errespetatzen dituen eta biodibertsitatea sustatzen duen nekazaritza ekologikoaren aldeko mugimendua, alegia.
Eta horrela iritsi ginen XXI. mendera arte, elikagaien ekoizpena nekazaritza-ekosistemak arautzen dituzten legeetatik deskonektatutako deriba produktibista duela 60 urte bezain indartsu dago, baina badago aldaketarik: nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak alternatiba bideragarri gisa eratu dira beren printzipioekin eta nekazaritza-ekosistema birsortzean oinarritutako praktikekin, mundu osoan milioika ekoizlek babesten dute, eta ehunka milioi kontsumitzailek beren produktuak eskatzen dituzte, badakitelako elikagai horien atzean zer dagoen. Azken urteetan ekuazioari faktore berri bat gehitu zaio: jada agerikoa da klima ez dela lehen zenaren berdina. Gaur egun ia inork ez du zalantzan jartzen gizakion jardueraren eremu guztietan paradigma aldatzeko beharra, planeta seinale argiak ematen ari baita bide honetatik askoz gehiagorako ezingo duela eman. “Ingurumen-kontzientzia”, edo agian “eko-antsietatea”, biztanleriaren zati handi baten buruetan ezarri da, eta merkatu-ekonomia batean gaudenez, logikoa da pentsatzea, gaur egun, ezaugarri “berde” orok salmentan eragin positiboa duela. Edonola ere, “greening”-a ez da XXI. mendeko kontua. Gure ekoizpen eredua bereizten duen adjektiboa bera, “ekologikoa”, era zitalean erabilia izan da eta da, salgai dagoen ia edozein produkturekin lotuta ikusteraino kontraesan hutsak badira ere, auto ekologikoak kasu.
Zorionez, terminoaren erabilera elikaduran babestuta dago, araudi batek zehazten du ekoizpen ekologikoa zer den, irizpideak eta oinarriak ezarrita daude: ongarritze organikoa, laboreen txandakatzea, abere-zamaren mugatzea, animalien ongizatea, biodibertsitatea sustatzea laboreetan zein inguruetan, landare-estalkia mantentzea, lekadunak ereitea, lurraren horizonteak aldatzen ez dituzten lanak egitea, belar arrotzen kontrol mekanikoa… lurraren emankortasuna indartzeko eta mantentzeko hainbat praktika eskatzen dira araudian. Izan ere, bilakaera epea, non nekazari ekologiko berriek praktika horiek indarrean jarri behar dituzten, lurraren birsortze-aldia besterik ez da.
Eta hala ere, elikadurari dagokionez ez gaude greening-etik salbu. Are gehiago, sektore ekonomiko bat greening-aren eraginpean egoteko arriskuan badago, hori da nekazaritzarena, eta horren errua, neurri handi batean, 1969an sortu eta 1987an ezagun egin zenetik hutsaltzen joan den beste kontzeptu batek dauka: garapen jasangarriak. Azkenean, ia dena jasangarria izan daitekeela ikusi dugu, baita makro-azpiegitura faraonikoak ere, geroz eta “ekologikoagoak” diren autoekin jada kolapsatuta dauden errepideak trafikotik askatuko dituztela promesten dutenak. Jasangarria(goa) izan daiteke, baita ere, nekazaritza erabat konbentzionala baldin eta nekazaritza birsortzaileko praktikak egiten baditu, hala nola zuzeneko ereintzak (hori bai, ereintzaren aurretik lursail osoan herbizida gogotik botata). Eta horrela, magiaz bezala, eredu ekologikoaren berezko beste termino bat dugu desitxuratzeko arrisku larrian, merkatu-logikaren arte eta graziaz: nekazaritza birsortzailea. Erraldoi agrokimikoek ere inolako lotsarik gabe iragartzen dituzte beren “nekazaritza birsortzaileko” proiektuak. Kategoria honetan sartuko litzateke GEO soja, glifosatoarekiko bere erresistentziarekin eta ereite zuzenerako egokitasunarekin?
Arrazoiren batengatik, garai batetik hona birsortzailea den orok jarraitzaile asko dauzkala dirudi, eta etengabe aurkitzen dugu izendapen honekin lotu nahi den horrek zerikusi gutxi duela kontzeptuaren beraren jatorriarekin: hau da, nekazaritza ekologikoarekin. Are gehiago, batzuetan ematen du bata bestearengandik bereizi nahi dela, batzen dituen harreman zuzena alde batera utzita. Baina ez dugu ahaztu behar nekazaritza birsortzailea eredu ekologikoaren ondorio bat dela, eboluzio bat. Ezinezkoa da bata bestea gabe ulertzea, ez gaitzatela engainatu nahi.