Erronka lortzea urruti bada ere, Nekazaritza ekologikoak gora egiten jarraitzen du Euskadin
Lurren %6,7 eredu ekologikoan ziurtatuta dago, 5 urteetan %25era heldu beharko ginateke.
Ekologikoan ziurtatutako azalerak 2024an nabarmen egin du gora %18, guztira 12.677 ha, 1.905 ha gehiago. Une honetan, Euskadiko nekazaritza lurren %6,7 ekologikoan ziurtatuta dago, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzetik, hau da: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatuak izatea, alegia.
Nekazaritza ekologikoan ekoizten duten ekoizleei dagokienez, Kontseiluaren erroldak %4ko igoera izan du. Guztira 71 alta berri eman dira, aurreko urtean baino %39 gehiago. Guztira une honetan, 768 profesional daude nekazaritza ekologikoan ziurtatuta. Azpimarratzekoa da alta gehienak Araban izan direla, batez ere, mahastizaintzan. Hala ere, lurraldeka desberdintasunak izan dira. Araban, hazkundea %11koa izan da (264 eragile), batez ere mahastizaintzan. Bizkaian, 8 eragile gutxiago egon dira (%3ko jaitsiera) 210 eragile, eta Gipuzkoan, berriz, %2ko igoera izan da. Lurraldeka, Gipuzkoan daude ekoizle gehien, 294.
Mahastizaintzaren eta abeltzaintzaren gorakada nagusi
Azaleraren goraka, batik bat, larre eta mahasti azaleran izan da, %19ko igoera bietan, 1.549 Ha eta 272 ha hurrenez hurren. Gipuzkoan izan da igoera handiena ehunekotan, %32koa, eta horren atzean abeltzain handien izen-emateak daude. Lurraldeka, ordea, Arabak mantentzen du azalera handiena 6.579 ha, bertako mahatsondoen, larreen eta estentsiboen laborantzari esker. Bizkaian 2648 ha dago ziurtatuta eta Gipuzkoa 3461 ha.
2024an ziurtatutako azalera guztiaren %77a larreen azalerari bideratuta dago, larreen azalera lurralde guztietan nabarmentzen da, eta horren ondoren mahastiak Araban eta fruta-arbolak Gipuzkoan.
Ortugintza eta landaketa estentsiboen jaitsierak ordea, zer pentsa ematen du %10 eta %7ko jaitsiera eman baita.
Nekazaritza ekologikoak osasunean eta ingurumenean dituen onurak
Nekazaritza ekologikoak kontsumitzaileen eskaerari erantzuten dio, hau da, elikagaia ingurumena errespetatuz eta animalien ongizatea bermatuz ekoiztu dela ziurtatzen du.
Gainera, nekazaritza ekologikoak muzin egiten dio sintesiko produktu kimikoak erabiltzeari, hondakinen pilaketa eta presentzia saihestuz. Hori horrela, nekazaritza ekologikoak elikagai ekologikoak ekoiztea ahalbidetzen du gaixotasun edo osasun-arazoak ekidituz eta kontsumitzaileen zein ekoizleen ongizatea lehenetsiz.
Beharrezkoa da elikagaien ekoizpen- eta kontsumo-ereduan aldaketa eraldatzailea sustatzea. Elikagai osasuntsuak eta nutritiboak eskaintzen dituzten elikadura-sistemak bultzatu behar dira, ingurumenaren zaintza eta izaki bizidunen zein pertsonen zaintza bermatzen dutenak.
EAEn ziurtatutako elikagai ekologikoak non eta nola aurkitu
Euskadin eredu ekologikoan ekoiztu eta euro-hostoaren ziurtagiri ofizialarekin merkaturatzen diren elikagaien aniztasuna handia da: haragia, barazkiak, esnekiak, ontziratuak, lekaleak, ogia eta gozogintza, olioa, ardoa, sagardoa, arrautzak… Baita bestelako elikagai berezi batzuk ere, hala nola, gatza, shiitake perretxikoak, kombucha edota pottoka haragia, esaterako.
Elikagai guzti hauen eskaintzan non dagoen jakinarazteko eta bide batez, erosketa eredu mota desberdinak ikusarazteko, Kontseiluak Sareko bilatzailea jarri du kontsumitzaileen eskura.
2024 urtean 1.905 Ha berri gehitu ziren eta hazkundea %18koa izan zen, guztira 12.677 Ha dira EAE-n ekoizpen eredu ekologikoan ziurtatuta.
Nekazaritza-azalera osoaren % 6,7 suposatzen du, Europako batez bestekotik urrun oraindik, %10,4.