Hariztizabal baserria, eskutik eskura
Nekazaritza edo abeltzaintza sektoreko arazoetako bat da azken hamarkadetatik hona gero eta jende gutxiago geratzen dela eta geratu dena zahartzen ari dela, eta horrek funtsezko bihurtzen du jarduera horietan ordezko gazteagoak bilatzea sektorearen etorkizuna bermatu nahi bada. Horrez gain, bere garaian eredu ekologikoaren aldeko apustua egin zutenek, ildo berari jarraituko dioten ordezkoak nahi dituzte eta, agian, ez da hain erraza izango transmisio hori nahi bezala gauzatzea. Arazo horretaz jabetuta, hainbat diru laguntza eta erraztasun proposatzen dituzte erakundeek gazteei lehenengo instalazioa ahalbidetzeko. Prozesu hori bizi izan dute Itsasoko Hariztizabal baserriko Marilu Gardoki Galdosek eta Xabier Ormaetxea Akizuk, beren baserrian 40 urtez jardun ondoren.
Marilu Gardoki Galdos eta Xabier Ormaetxea Akizuk Itsasoko Hariztizabal baserrian garatu dute euren bizi-proiektua 40 urtez. Gaztetan joan ziren euren ametsetako baserrira; eta 10 urtez “ikasketa orokorrak” egin zituzten, gurasoak, inguruko baserritarrak eta kanpoko nekazari eta okin ekologikoak irakasle zituztela.
Nolakoa izan zen hasiera hura?
Denetik egin genuen garai hartan: etxea berreraiki, baratzea, soroa, sagastia, oiloak, untxiak, ogia, ardiak, ahuntzak…Geroago, etxerako denetik izan arren, saltzeko espezializatu egin ginen: fruta eta ogia aukeratu genituen. Geroago etorri ziren eskoletako ikasleen bisita didaktikoak, ikastaroak eta eguzkindar instalazioa. Jarduera guztiak beste baserritar batzuekin taldean landu genituen eta bakoitzak bere baserrian jarri. Hiru lagunen artean egiten genituen lan guztiak.
Hasi ginenean baserria bizi osorako tokia izango zelakoan geunden, baina denbora joan ahala konturatu ginen -nekeak eta gaixotasunak eraginda- ezin genuela martxa horretan jarraitu, eta gure ahalmenaren arabera jaisten joaten baginen jarduera, gurekin batera eroriko zela gure proiektua; semeek zeinek bere proiektua zuelako baserritik kanpo. Eta orduan hasi ginen erreleboaz hausnartzen.
Behin erreleboan pentsatzen jarrita nola gauzatu zenuten prozesua?
2012an hasi ginen erreleboaren gaia lantzen, eta hainbat aukera aztertu genituen. Lurzaindiarekin topo egin genuenean, 2016an, ikusi genuen lehen argia. 2018an agertu zen erreleboa, Legazpiko kontsumo taldeko familia bat izan zen. Biolurren eta administrazioaren laguntzarekin, urte betez formatu genituen baserrian bertan eta 2019ko San Isidro eta San Honorato egunean egin genuen errelebo kontratua.
Zuek hasieratik erabaki zenuten ekoizpen ekologikoan jardutea, horrek zailtasunik eragin dizue prozesuan?
Zailtasun handiena nekazaritza proiektu baten sartzeko gogoa duten pertsonak aurkitzea izan da. Bestea segidan joan da. Administraziotik guk ez dugu laguntza berezirik jaso baina Enekok (ordezkoak) bai eta horri esker bere lantegia utzi eta baserrian hasi ahal izan da.
Ekologikoan aritzeak izan du eraginik, bai, inolako zalantzarik gabe. Kontsumo taldeko kideak ziren, eta horrela ezagutu gintuzten eta ezagutu zuten baserria. Eneko eta familiarentzat filosofia hori oso garrantzitsua izan da beraien bizi proiektua aukeratzeko.
Zuen urte luzetako esperientzia kontuan hartuta, ezagutzaren transmisiorik egon al da?
Ezagutzaren transmisioa oso garrantzitsua izan da hasieratik. Transmisioaren zutabe bat izan da eta izaten jarraitzen du. Baserri bat aurrera ondo eramatea doktoretza egitea da (nahiz eta gizartea ez den horretan jabetzen eta ez duen balioesten) maila berean jartzen dugu. Hori ez da urte baten eta bitan egiten. Horretarako urte asko behar dira, eta asko ikasi behar da besteengandik, eta gero norberak egiaztatu baserrian bertan, norberaren eta baserriaren ezaugarrien arabera.
Zein ziren zuen lehentasunak ordezkoak aukeratzerakoan, zer zenuten buruan?
Guretzako oso garrantzitsua zen ondorengoekin adostea baserriaren etorkizuna. Ez genuen nahi guk egindako guztia bertan behera gelditzea. Jarraipen bat nahi genuen eta horretan oinarrituta haiek beren proiektua garatzea. Horrela, ikasitakoa ez zen galduko, beraiei transmititzeko aukera izango genuen.
Kooperatiba bat sortzeko ideia landu genuen, erabat saltzekoa ere bai. Lurzaindiari esker beste transmisio modu bat ere posible zela ikusi genuen, eta bide horretatik jo genuen. Hegolurzaindia sortzeko nekazaritza elkarte, nekazari eta teknikari talde bat eratu zen eta ahalegin sendo bat egin zen, baina ez zuen administrazioaren onarpenik lortu eta momentuz zain gelditu da. Ondorioz momentuz guk jarraitzen dugu baserriaren jabegoarekin. Eskertu nahi diogu Lurzaindiari, Biolur eta aipatutako taldeari egindako ahalegina, eta espero dugu egunen batean lortuko dela Hegoaldean ere martxan jartzea Lurzaindia, behar beharrezkoa baita baserrien erreleboan laguntzeko eta nekazaritzako lurra defendatzeko.
Nola ikusten duzue orain, hartutako erabakiarekin pozik?
Orain oso gustura gaude Nafarroan herri txiki batean. Hemen ere badira beharrak eta taldean landuz, erantzun bat ematen saiatzen gara, hor egiten genuen modura.
Errelebora hartu dutenak ondo moldatu dira? Harremana mantentzen duzue?
Eneko eta familia ondo konpontzen ari dira beraien proiektuan, guk egin genuena hobetuz eta aberastuz beraien ideiekin.
Gertu gaudenez eta oso ondo konpontzen garenez, sarri joaten gara irakaskuntza prozesuan sakontzeko eta ahal dugun neurrian laguntzeko.