Skip to main content

Une honetan, Euskadiko nekazaritza lurren % 5 ekologikoan ziurtatuta dago, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzetik, hau da: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatuak izatea, alegia.

Aurreko taldeak 2022ko otsailean hauteskunde prozesuari hasiera eman bazion ere, egokitzapena behar zuten zenbait administrazio-gaiek prozesua luzatu dute. Oztopo hauek konponduta, hauteskunde prozesua irailaren 1ean jarri zen martxan.

Talde berriak otsailaren 5ean egin zuen lehendabiziko eratze bilera, eta bertan ofizialki KONTSEILU BERRIA osatu zen. Egun honetan finkatu ziren ere lehendakaritza eta lehendakariordetza karguak, hautagaien arteko bozketa bitartez. Hala, datozen 4 urtetarako Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko Lehendakari Judit Gartzia Llorens izango da, lehendakariordetza, berriz, Garikoitz Aiesta Etxaniz-i egokitu zaio.

Kontseilu berria
Elikadura ekologikoaren alorrean jarduten duten azpisektoreetako ordezkariek (nekazari zein abeltzainak, eraldatzaileak, merkaturatzaileak…) osatzen dute Kontseilua. Eusko Jaurlaritza, hiru Foru Aldundiak eta kontsumitzaileen ordezkari bat ere parte dira.

2023-2027 epealdian, sektore ekologikoaren ordezkaritzan lau ekoizle egongo dira: Raúl Rituerto Turrado (abeltzaina eta nekazaria, Araba), Sonia Ingunza Zumalde (baratzezaina, Bizkaia), Garikoitz Aiesta Etxaniz (abeltzaina, Gipuzkoa) eta Miren Nekane Tomasena Elorza (baratzezaina, Gipuzkoa). Eraldatzaile, merkaturatzaile eta inportatzaileen ordezkaritzan beste lau kide egongo dira: Anna Montserrat Minguella (okina, Araba), Judit Garcia Llorens (abeltzaina eta esneki ekoizlea, Gipuzkoa), Jose Ramon Arrieta Zialzeta “Exkerra” (artzaina eta gaztagilea, Gipuzkoa) eta Iker Iglesias Eguia (pentsu ekoizlea, Bizkaia-Gipuzkoa). Halaber, kontsumitzaileen ordezkari bezala Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteko lehendakari den Jon Ariño dago.

Etapa berriaren hasiera
Otsailaren 22 eta 23an, Kontseiluak Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) duen egoitzan, bi eguneko barne saioak antolatu ziren aurreko Batzordearen eta berriaren arteko informazio trukaketa egiteko. Barne saio hauetan, Lurraldeetako nekazaritza ekologikoko elkarteen beharrizanak ezagutu ziren, Kontseiluko proiektu desberdinak aurkeztearekin batera.

Horrezaz gain, batzordekideekin etorkizuneko erronkez jarduteko mahai borobila antolatu zen. Aukera baliatu zen ere lantaldeak identifikatuta zeuzkan zenbait formakuntza-beharreri erantzuna emateko, adituen laguntzarekin gai jakin batzuk landuz.

Nekazaritza ekologikoaren bilakaera Euskadin
2023an ekoizpen eredu ekologikoan kudeatutako 1.668 hektarea berri ziurtatu ziren Euskadin. Horrenbestez gurean, guztira, 10.772 hektarea daude ekologikoan ziurtatuta. Azaleraren aldetik, Bizkaian eman da hazkunderik nabarmenena, % 29ko igoerarekin, abeltzaintza-jardueren izen ematearen eraginez. Beste lurraldeetan hektarea-kopurua apalago hazi da: %20 Gipuzkoan eta %13 Araban. Kontuan izan behar da, hala ere, ekologikoan ziurtatutako azaleraren erdia baino gehiago Araban dagoela (%55), eta honen atzetik datozela Gipuzkoa (%24,5) eta Bizkaia (%20,5).

Eragile kopuruari dagokionez, Kontseiluaren erroldak %3ko igoera izan zuen 2023an (guztira 51 profesionalek eman zuten izena nekazaritza ekologikoan). Azpimarratzekoa da izen emateen %80 ekoizpen konbentzionalean jarduten zuela aurretik eta eredu ekologikorako urratsa eman dutela. Bestalde, alta berrien %35 titular gazteak dira (45 urtetik beherakoak) eta horietako %80 bere jarduna osotasunean ekoizpen ekologikora bideratzeko erabakia hartu du.

Lurraldeka, hazkunde handiena Araban eman zen (%7koa). Hala ere, Gipuzkoa profesional gehien dituen probintzia izaten jarraitzen du. Bizkaiak, aldiz, %2ko jaitsiera jasan du 2023ko datuekin alderatuta.

Baserritik mahaira erronka
Nekazaritza ekologikoak goranzko bidea jarraitu arren, une honetan Euskadiko nekazaritza lurren %5 ekologikoan ziurtatuta dago, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzeko. Hau da, 2030ean lurren % 25 ekologikoa izatea. Egungo egoerak argi erakusten du Euskadiko nekazaritza ereduak ekologikoranzko bilakaera nabarmena eman beharra daukala datozen 6 urteetan, helburua beteko bada.

Erronka horri heltzeko bidean garrantzitsua da, alde batetik, bertoko ekoizpen ezaugarrietara egokituta dagoen nekazal ekoizpen ekologikoa babesten jarraitzea, agroekologia bultzatuz. Eta bestetik, ekoizleentzat merkaturatze modu duinenak indartzea eta kontsumitzaileei horiek erabiltzeko erraztasunak ematea.

Azkenik, gizartearen zati handi batek ekologia, ingurumena, osasuna, bizitza eta ondo elikatzearen inguruan kontzientziazio altua du, baina ekintzarako deia egin behar da, erronka bertoko elikagai ekologikoak aurkitu eta erostea da.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu