Udako Azoka Ekologikoaren ekimena Euskadiko 14 herritan antolatuko da.
Urtero bezala uda heltzearekin batera Euskadiko hainbat tokitan Udako Azoka Ekologikoak antolatuko dira. Herrietako kontsumo taldeek eta ekoizpen ekologikoaren aldeko herrialde mailako elkarteek antolatzen dituzte, besteak beste, Arabako Bionekazaritzak, Bizkaiko Ekolurrek eta Gipuzkoako Biolurrek kasu.
Guztira 14 azoka antolatuko dira Euskadiko 14 herri desberdinetan; Gasteiz, Elorrio, Zigoitia, Zarautz, Zumaia, Donostia, Orereta, Algorta, Zerain, Mungia, Durango, Eibar eta Villabona.
Duela 30 urte elkarteak sortu berritan eta eredu hau bazterrean zegoenean azoka ekologikoak ziren elikagai hauek eskuratzeko toki garrantzitsuak. Egun hiru hamarkada geroago zorionez ekoizle gehiago eta salmenta kanal anitzak daude bertako elikagai ekologikoak erosteko, kontsumo taldeak kasu. Azoken oinarrizko helburua saltzeaz haratago doa harremanak eraikitzea tokian tokiko herritarrekin eta balore agroekologikoak plazaratzea. Horregatik plazak betetzea garrantzitsu izaten jarraitzen du hiriguneetara landa eremua gerturatzeko.
Elikagai ekologikoen azokak erakuslehio aparta dira Euskadin dugun elikagai ekologikoen aniztasuna plazaratzeko. Udako azoka ekologikoak ekimena ingurugiroarekin errespetuan ekoizten duten profesionalen eta konpromezu bera eta kalitate ezin hobeagoko elikagaiak eskuratu nahi dituzten kontsumitzaileen topagunea da.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura ekologikoaren Kontseiluaren hitzetan: “Garrantzitsua da elikagai ekologikoen kontsumoa normalizatzea. Horregatik, herri desberdinetan antolatzen diren topagune ekologiko hauek ezinbesteko dira elikagai ekologikoen aniztasuna eta kalitatea ezagutarazteko”.
Elkarteetatik gaur egungo erronka nagusiaetako bat herritarrak azokara erakartzean eta erosketa egitean datza. Honen aurrean elkarteetatik herritarrok erosketa-aukera bakoitzean dugun botere eraldatzailea jomugan jarri nahiko genuke. ”Erosketa-aukera bakoitza aldaketa positiboa sustatzeko aukera bat da. Iraunkortasuna, justizia soziala eta ekitatea sustatzen dituzten produktuak hautatzekoa. Kontsumitzaile bezala ekoizpen- eta kontsumo-sistema bidezkoagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa bultzatzeko giltza dugu”.
Zuzeneko salmenta bultzatzea eta balioan jartzea funtsezkoa da tokiko ekoizle txikien biziraupena bermatzeko. Azoka txikiek zuzeneko erosketa egiteko aukera ematen digute, tokiko ekoizleekin harreman hurbila eginez. Zuzeneko konexio honek elikagaiaren jatorria, elaborazio prozesua eta gure osasunari dakarzkion onurak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen digu.