Etxez-etxeko dastaketa ekologikoa Santo Tomas egunean
Ekolurra Merkaturatze Sarea ezagutara emateko, otar ekologikoak banatu dira txirrinduz Donostian.
Santo Tomas eguneko azoka baserritarren elikagaiak gabonetarako eskuratzeko merkatu tradizionala izan ohi da. Aurten, osasun alertagatik ezin izan da festa giroan ospatu, ezta baserriko produktuak aurreko urteetan bezala postuetan eskuratu.
Ekolurrak (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak) eta Etxeko Azoka ekimeneko ekoizle taldeak, bertako elikagai ekologikoak online erosteko aukera eskaintzen die Donostiako herritarrei merkaturatze Ekolurra Merkaturatze Sarea plataformaren bitartez.
Eko-dastaketa
Atzoko egunez, Santo Tomas, etxez-etxeko dastaketa ekologikoa antolatu zuten. Donostiako 160 familiak bertako elikagai ekologikoz osatutako otarrak jaso zituzten. “Dastaketa guztiz ekologikoa izango da, bertako elikagairik jasangarrienak, modurik jasangarrienean banatuta” antolatzaileen esanetan. Sagardoa, gazta, arrautzak, mermeladak, intxaurrak eta abarrez osatutako otarrak jaso zituzten beraien bezeroek, “guztiak Gipuzkoan modu ekologikoan ekoiztuta”. Elikagai ekologikoen banaketa Donostiako Txita enpresaren txirrinduetan gauzatu zen.
Merkaturatze Sarea: erosketak zuzenean ekoizleari
Ekolurra, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak martxan jarritako “Merkaturatze sarea” plataformaren bitartez, bertako elikagai ekologikoen erosketa online egin daiteke. Kontsumitzaileek egindako erosketak zuzenean ekoizleari egiten zaizkio. Plataforma honetan, ekoizleak taldean antolatzen dira eta merkatu ezberdinak koordinatzen dituzte.
Etxeko Azoka
Donostiako etxeetan tokiko elikagai ekologikoen sortak zuzenean jasotzeko ekimena da Etxeko Azoka. Pandemiaren lehenengo olatualdian saretu zen eta Gipuzkoako hiriburuan hasi ziren online plataformaren bidez egindako erosketak banatzen. Egitasmo honekin bultzatu nahi dena eskaintza kolektibotik abiatuta, familiei bere etxera zuzenean elikagai ekologikoak eramatea da modu erraz, zuzen eta seguru baten. Astero egiten dituzte banaketak Donostian eta Gabon hauetan ere egingo dute abenduaren 22an eta 29an. Ekolurra.eus webgunean egin daitezke erosketak.