Skip to main content
EkoberriakEkoizpen ekologikoaEkolurra kontseiluaEragileak

Baratza ekologikoen bideragarritasunerako lanketa kolektiboa

By 8 urria, 20209 azaroa, 2021No Comments

Baratza ekologikoen bideragarritasunerako lanketa kolektiboa

Lan honetan 10 baratzezainen kasuak aztertu dira, bisita eta inkesta batzuen bidez, bideragarritasun tekniko- ekonomikoa eta soziala ezagutzeko.

Bideragarritasuna gakoa da edozein jardueran. Izan alor pertsonalean, profesionalean zein kolektiboan, proiektu baten jarraipena kolokan dago bideragarritasuna ez bada bermatzen. Ekonomiak baldintzatzen du ekimen baten jarraipena, noski, baina ez bakarrik. Azken finean, ekonomiak bezain besteko garrantzia dauka ekologiak eta baita bultzatzaileen indarrak eta motibazioak. Azken hauek osatzen dute bideragarritasun “soziala”. Alegia, proiektu bat ekonomikoki erabat bideragarria izanagatik, ez dauka jarraipena bermatuta ekologikoki iraunkorra ez bada, edota norbanakoen behar sozialak (lana eta familia bateragarriak izatea, beste kolektibo batzuetan parte hartzeko aukera izatea, aisialdirako tartea izatea…) asetzen ez badira.

Ekoizpen ekologikoei lotutako bideragarritasunaren gaia 2016an lantzen hasi zen, hain zuzen ere aurreko FOPEaren baitan orientazio ezberdinetako ekoizpenak monitorizatuz. Biolur Gipuzkoa, Lurgintza, Abere, Lorra eta Neikerrekin batera egindako azterketa tekniko-ekonomikoek bilatzen zutena zen informazio eguneratua eta erreala batzea, gako tekniko, ekonomiko zein ekologikoetan oinarritutako diagnosia eginez eta beharrezko inbertsio minimoak identifikatuz. Honen bitartez, xedea zen ekoizpen ekologiko berri zein errotuei datu fidagarrietan oinarritutako aholkularitza eman ahal izatea.

Kantauriar isurialdeko baratzezaintza ekologikoaren bideragarritasun gakoak bilatzen

2016 eta 2017an egindako diagnosiak jarraipena izan zuen baratzezaintzari dagokionez 2018 eta 2019an, Biolur, Lurgintza eta Kontseiluak 10 baserritan (guztiak 5 urtetik gorako jarduerarekin) azterketa sakonago bat egitearekin batera. EHUko Finantza Ekonomiako 2. Sailak galdetegiaren osaketan lagundu zuen, zeinak esparru sozial eta ekologikoak sakontasun gehiagoz aztertzeko aukera ematen duen. Abiapuntua aurreko diagnosiren ondorioek markatzen zuten: baratzezainak gustura daude beraien lanarekin, baina…; diru sarrera aldetik justu xamar dabiltza; eta dedikazioa oso handia da, ondorioz, familia, sozializazioa zein aisia lanarekin uztartzeko zailtasunak daude.

10 etxeetan egindako inkestetatik, aipatutako ondorioez gain, azaleratu zen:

  • teknikoki hobetzeko marjina badagoela, neurtutako inbertsioak eginez besteak beste;

  • lan prekarietatea orokortua dagoela, %40k bakarrik lortzen baitu soldata minimora iristea asteko 7 egunak lan eginda ere (honi gehitu behar zaizkio familia edo bestelako gaiak uztartzeko zailtasunak);

  • aitortzen zaizkien UTAk ez direla errealak, baserritar bakoitzak teorian dagokiona baino lur gehiago lantzen baitu; hala ere, joera da lantzen den azalera handitzea errentagarritasun bila.

  • sektorean balioan jartzeko lanketa egin beharra dagoela, jendarteak baratzezaintza ekologikoak egiten duen ekarpena onartu dezan, honek ekoizpenei prezio egoki eta duinak jartzeko balioko baitu.

Laburbilduz, azterketak azaleratu duena da baratzezaintza ekologikoko proiektu baten iraunkortasunerako klabea duintasuna dela, bai baldintza ekonomikoetan eta baita baldintza sozialetan ere.

Korapiloak askatzeko lanketa kolektiboa

Aukeraketa egokiak egiteko ahalik eta datu gehien eskura izatea oso lagungarria denez, proiektu honek jarraipena izango du datozen urteetan. Agerian geratu da duintasun ekonomiko eta soziala lortzea helburua dela. 2016tik gaurdaino emandako pausuek agerian utzi dute ere ekoizleek zailtasunak dauzkatela arazoei kolektiboki aurre egiteko. Hala, duintasuna eta sorkuntza kolektiboa izango dira bideragarritasunaren bidean aurrera egiten jarraitzeko helburuak. Horretarako, baserritarrek 10 ekoizpen esanguratsuenek eskatzen dituzten lanorduen zenbaketa zehatza egingo dute bost arlo ezberdin aintzat hartuz: ekoizpenera bideratutako orduak, merkaturatzeko behar izandakoak, gestioa-lanetan sartutakoak, zaintza (norberarentzat hartutako momentuak) eta kolektibotasuna. Lehenengo bi ataletan labore bakoitzari dagokion ordu-kostua erregistratuko da, eta azken 3 ataletan jasotakoak labore guztien artean banatuko dira. Erregistroak jasotzeko, Ekolurrak bere ziurtapen-lanetarako baliatzen duen aplikazioa egokituko du Gislan-ek, baserritarrek beraien dispositiboetan erabili ahal izan dezaten. Era honetan informazio bolumen handia jaso ahal izango da, hala nola diru sarrerak eta gastuak, laborekako orduak, labore bakoitza non eta zein kopurutan landatu den, zein kopurutan saldu eta zein zirkuitutan (salmenta zuzena, azoka, denda, HORECA…).

Udazken honetan saioak antolatuko dira baserritar parte hartzaileei aplikazioaren funtzionamendua azaltzeko eta lanketa kolektiboarekin jarraitzeko. 2021ean datuak batzen joango dira, hilabetero proiektua kudeatzen duten teknikarien bisita jasoz. Horrezaz gain, urtean zehar bideragarritasunaren gakoak kolektiboki askatzen joateko lau saio antolatuko dira. 2022an emaitzen sozializazioa egingo da.

Admin

Author Admin

More posts by Admin