Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Egunean, ekintzarako deia egin du Kontseiluak.
Sareko bilatzailea www.ekolurra.eus webgunean egongo da eta ekoizleek beraiek hornituko dute.
Gaur, irailak 23, Europar Batasuneko herrialdeetan nekazaritza eta elikadura ekologikoaren eguna ospatzen da. Data hau finkatzearen helburuak dira, alde batetik, ingurumenarekiko errespetua lehenesten duen nekazaritza ekoizpena bultzatzea eta, bestetik, ziurtagiri ekologikoa duten elikagai osasuntsuen kontsumoa normalizatzea. Mahai gainean dagoen erronka argia da: 2030 urterako, nekazal lurren %25 ekoizpen modu honetan kudeatzea. Hori da Europar Batasunak berak Itun Berdean ezarritako helburua. Une honetan Euskadiko lursailen %6 dago ekologikoan ziurtatuta.
Izan ere, dena hobetzen da elikagaiak modu ekologikoan ekoiztu eta kontsumitzen direnean, eta hauxe da ENEEK-Ekolurra, Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren kontseiluak duen lema: “Nekazaritza ekologikoa, dena hobetzeko”. Merkatuan dauden aipamen-berde andanak nahasmena sortu dezakeela jakitun izanda, egun seinalatu honetan jendarteari modu argi batean komunikatu nahi diogu elikagai osasuntsu horiek zeintzuk diren: euro-hostoarekin identifikatuta daudenak.
Aurten, data berezi hau ekintzarako dei argi batekin dator: jakin hemengo elikagai ekologikoak non eta nola eskuratu, eta hasi kontsumitzen! Hau errazteko, www.ekolurra.eus webgunean martxan jarri dugun “Sareko” bilatzailea aurkezten dugu gaur. Tresna berri honekin, era erraz eta intuitibo batean Euskal Autonomia Erkidegoan elikagai ekologikoak non eskuratu daitezkeen jakin dezake edonork. Ekimenak kontsumitzaile askok beren buruari egiten dioten galdera honi erantzutea du helburu: “Non eskuratu ditzaket bertako ekoizle eta eraldatzaile ekologikoen elikagaiak?”.
Bilatzaile berria diseinatzeko orduan, beraien ekoizpenak zirkuitu laburrean saltzen dituzten ekoizleen salmenta guneak bistaratu nahi izan dira. Jendartearen zati handi batek ekologia, ingurumena, osasuna, bizitza eta ondo elikatzearen inguruan kontzientziazio-maila altua du, baina kasu askotan bertoko elikagai ekologikoak aurkitu eta erosteko zailtasunak dauzkate.
ENEEK-Ekolurrako lehendakari Judit Garciak azpimarratzen duenez, “garrantzitsua da, alde batetik, ekoizleentzat merkaturatze modu duinenak indartu eta bistaratzea eta, bestetik, kontsumitzaileei merkaturatze modu horiek erabiltzeko erraztasunak ematea”.
Sareko bilatzailearen indargunea
Bilatzaile honen berezitasun nagusia da egileek beraiek zuzenean osatuko duten bilatzailea izango dela. Hau da, informazioa zuzenean iritsiko da kontsumitzailearengana, inguruan dauzkan ziurtatutako ekoizle eta eraldatzaileen eskutik.
Azken hileetan burututako lanari esker, dagoeneko 269 salmenta gune identifikatu dira. Horien artean, azokak, dendak, otar-banaketak, ustiategiak, baserriak, kontsumo-elkarteak… Lurraldeka, banaketa hau da: Araban 43 kokaleku, Bizkaian 70 eta Gipuzkoan 156. Bilatzailea ekoizleek beraiek etengabe elikatu eta eguneratuko dute, helburua kontsumitzaileari ahalik eta informazio gehien eskuragarri jartzea baita.
Bertako elikagai ekologikoen eskaintza zabala da
Bilatzailearen bitartez ere, Euskadin eredu ekologikoan ekoiztu eta euro-hostoaren ziurtagiri ofizialarekin merkaturatzen diren elikagaien aniztasuna ezagutarazi nahi da: haragia, barazkiak, esnekiak, ontziratuak, lekaleak, ogia eta gozogintza, olioa, ardoa, sagardoa, arrautzak… Baita bestelako elikagai berezi batzuk ere, hala nola, gatza, shiitake perretxikoak, kombucha edota pottoka haragia, esaterako.