Skip to main content
Ekoberriak

Aurrera goaz

By 11 apirila, 202227 maiatza, 2022No Comments

Aurrera goaz

2022 apirila 11

Urtez urte, Euskadiko nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eusten dio, eta 2021ean erregistratutako datuek bide ona erakusten digute. Gero eta pertsona gehiagok lortzen dute Europar Batasunetik markatzen diren parametro ekologikoei jarraituz ekoiztea.

Kalitate handiko produktuak bermatzen dituzte, naturarekiko eta lurraren bioaniztasunaren errespetuarekin konprometituak. Klima-larrialdiaren aurrean, gero eta balio handiagoa du natura errespetatzen duten ekoizpen-tekniken bidez ekoiztea. Gure lur emankorra kontserbatzen dute eta lur hauetan karbono-hustubideak sortzen laguntzen dute.

EKOIZLE EKOLOGIKO GEHIAGO, AZALERA EKOLOGIKO GEHIAGO
Bai, aurten 60 pertsona baino gehiagok egin dute bat konbertsio ekologikoarekin. Guztira 710 operadore ziurtatu dira. Berri on bat ziurgabetasunak zeharkatutako urte batean. Operadoreen kopurua % 8 igo da; Gipuzkoako nekazari ekologiko berriak izan dira hazkunderik handiena izan dutenak, % 12 gehiago baitira parametro ekologikoen arabera ekoizten duten pertsonak, 283 guztira. Bizkaian igoera txikia izan da ( % 2), eta 218an finkatu da. Araban 209 proiektu egin dira modu ekologikoan.

40 alta ekoizpen begetalari dagozkio, 10 animalien ekoizpenari, eta 16 elaborazioaren esparruan erregistratutakoak dira.

Aitor Solozabal iaz ekoizpen ekologikoan sartu zen. Angus arrazako haragi-ekoizpeneko proiektua du. 30 urte baino gehiago darama sektorean; azken urteak maneiu eta filosofia ekologikora egokituak. Ziurtatutako ekoizpen ekologikora igarotzeaz gain, Antton eta Peio semeen belaunaldi-erreleboa ere albiste ona da, eredu ekologikorako trantsizioa sendotzen baitu. “Ekologikorako aldaketa eman dugu lurrak erosi ditugulako araudi ekologikora erabat egokitu ahal izateko, eta merkatu beharragatik” adierazi digu Aitorrek. “Bezero finkoak ditugu haragi loteen bidez, baina jendeak zuzenean ezagutzen ez gaituen dendetan saltzen hasteko, zigilua garrantzitsua da”.

Era berean, labore ekologikoen azalera handitu egin da ere, 7905 hektareatan ari dira gure eragileak bizia sortzen laguntzen. Pozten gaitu 1200 hektarea berri baino gehiago ziurtatzeak; % 16ko jauzia. Kasu honetan Gipuzkoako lurraldea nabarmentzen da, % 22ko igoerarekin, nahiz eta Araba izan oraindik ere ziurtatutako azalera handiena duen lurraldea, EAEko lur ekologikoraen % 59arekin.

ANBIZIO GARAIA DA
Europako estrategiak – Baserritik mahaira – 2030erako anbizio handia eskatzen digu. Gure lurren %25a ekoizpen ekologikoan izatea lortu behar dugu. Gaur egun, landutako azaleraren % 4,3a ziurtapen ekologikokoa da, eta aldaketak indartsua izan behar du datozen urteetan.

Ildo horretan, Arabak duen ekoizpen ahalmena azpimarratzen jarraitzen dugu, zerealen sektorean eredu progresiboki aldatzea posible eta beharrezkoa baita.

 

2021ean, zereal ( % 33), lekale ( % 35) eta tuberkuluetara ( % 43) bideratutako hektareen ekoizpen ekologikoak nabarmen egin du behera. Produkzio-orientazioa aldatu egin dela ondorioztatu dugu, azalera hori proteaginosak ekoiztera bideratuta baitago orain.

 

MAHATS ETA HARAGI EKOIZPENA: HAZTEN ARI DIREN SEKTOREAK
Mahastizainen sektorea, zein larre eta belardien ekoizpena nabarmen hazi dira.
Animalien ekoizpenera bideratutako azalera, larre, belardi eta bazketan, oso esanguratsua da, % 20ko igoera izan baitu aurreko kanpainarekin alderatuta. 975 hektarea berri izen eman dira abeltzaintza ekologikorako.

Mahatsondoaren hazkundea % 16koa izan da aurreko urtearekin alderatuta, eta horrek erakusten digu ardo ekologikoaren ekoizpenak etengabeko goranzko joera duela. Ziurtatutako 150 hektarea berri baino gehiago itxaropen hatsa dira sektorearentzat.

Fruta-ekoizpenak %7ko hazkunde apala izan du. Araba eta Bizkaian fruta-arboletarako hektarea gutxiago dauden arren, Gipuzkoako lurraldeak % 15eko igoera finkatu du, eta dagoeneko 296 hektarea ditu ziurtatuta.

Baratza-ekoizpena zenbaki egonkorretan mantendu da azken ekoizpen-kanpainan. 182 hektarea barazkiak ekoiztera bideratuta daude, 2020an baino bat gutxiago, Araban igoera txiki batekin eta Gipuzkoan jaitsiera txiki batekin.

ERALDAKETAREN HAZKUNDE TXIKIA
Eraldaketa-jarduerek hazkunde neurritsua izan dute, gaur egun 238 operadore ekologiko baitaude, 2020an baino 13 gehiago. 186 ekoizpen begetaleko transformazioak dira, eta 52 animalia-jatorrikoak. Gorakadak kontserbak, ogia eta esnekien elaborazioan erregistratu dira.

AKTORE GUZTIAK BEHARREZKOAK DIRA BIRA HANDIA EMATEKO
Europako nekazaritza-estrategiek, Kontseiluaren berezko anbizioak eta euskal kontsumitzaileen beharrak bide-orri irabazle bat egitera behartzen gaituzte.

Behar dugun aldaketaren inguruan Aitorren begirada da honakoa: “Badago mito bat ekologikoan ekoiztea ezinezkoa dela dioena, eta erakusten ari gara posible dela, kalitate handiko produktu bat sortuz gainera. Ezagutza teknikoa zabaltzen duten teknikariekin metodo ekologikoen eraginkortasuna erakutsi behar dugu”.

Aurrera egiteak asebetetzen gaitu. Konbertsio ekologiko handiago baterako baldintzak sortzea espero dugu, non ekoizleek, administrazioak eta kontsumitzaileek paper garrantzitsua jokatzen dugun. Eragile asko gaude aldaketa honetan, eta ekoizle ekologikoek gora egiten jarraitzen dute aldaketa horri bultzada emateko.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu