“Lurzorua” hezkuntza programak beste ikasturte bati ekin dio.
Gauza jakina da ortu bat hezkuntzarako baliabide bikaina izan daitekela: arlo ugari bezain anitzetako kontzeptuak azaltzeko bidea ematen du, izan biologia, izan geologia, matematika, fisika, nutrizioa, edota etnografia… ENEEK-Ekolurraren funtzio nagusietako bat da ekoizpen ekologikoaren inguruko ezagutza zabaltzea eta eredu honetan ekoitzitako elikagaien kontsumoa sustatzea. Ondorioz, zentzu guztia dauka baratzezaintza ekologikoa eta hezkuntza uztartzen dituen programa bat Kontseilutik bultzatzea. Ageriko arrazoiengatik, eskola komunitatea lehentasunezko kolektiboa da elikagaien ekoizpena eta kontsumoa eredu ekologiko batean oinarritzeak duen garrantziaz informatua izateko. Izan ere, beraiek izango dira etorkizuneko ekoizleak eta kontsumitzaileak.
Hausnarketa horretatik jaio zen “Lurzorua” programa 2017an. Hezkuntza-jarduera honek formakuntza eta sentsibilizazioa uztartzen ditu, ortugintza ekologikoa oinarri hartuta kurrikulumeko gai ezberdinak lantzeko.
Lurra, ikasketaren oinarri
Lur emankorra, “lurzorua”, bizitzarako ezinbestekoa da. Lehengaien iturri, nutrienteak eta ura gordetzen ditu, karbonoa pilatzen du eta izaki bizidun guztion oinarrizko jarduerak sostengatzen dituen ingurune fisiko eta kulturala da. Duen garrantziaz jabetzeko, gogoan izan beharko genuke ez dela baliabide berriztagarri bat, gure elikaduraren %99 berengandik lortzen dugula, eta izugarrizko abiaduran galtzen ari garela higadura, kutsadura zein artifizializazioa medio.
“Lurzorua” programaren helburuak dira, alde batetik, lur emankorra zaintzearen garrantzia transmititzea eta, bestetik, eskola-baratzak ematen dituen aukerak baliatzea arlo ezberdinetako kontzeptuak lantzeko. Amorebieta-Etxanoko udalarekin koordinatuta diseinatu zen, Neiker-Teknaliako Mikrobiologia eta Edafologia Departamenduaren laguntzarekin. Nekazaritza-ikerketa zentroko ikerlariek beraien Nekazaritza Ekosistemen Osasun Txartelak (NEOT, profesionalei zuzendutako materiala, nekazaritza-lurren auto ebaluaketa egiteko balio duena) moldatu zituzten “Lurzorua” programarentzat. Hurrengo esteka honetan deskargatu daitezke: http://www.soilmicrobialecology.com/services/).
Jarduerak lurra baliabide didaktiko modura erabiltzea proposatzen du. Abiapuntu erabat praktiko batetik pentsatuta, ikaslegoarentzat hurbila den testuinguru batean ikuspuntu ezberdinak lantzeko parada ematen du.
Jarduera Jauregibarria baserrian taldea jasoz hasten da. Gure egoitzan programaren aurkezpena egiten da, eguneko helburuak finkatuz. Jarraian, ikasleak baratze profesional batera doaz lur-lagina jaso eta ortuan bertan diagnosiaren zati bat egiteko, froga praktiko ezberdinen bitartez. Ortugintza ekologikoaren egunerokotasuna ere ezagutzen dute, Amorebieta-Etxanoko nekazari profesional baten ahotik. Berak gidatzen du taldea, material didaktikoan proposatutako metodologia jarraituz ikasleek lurraren osasunean eragina duten alderdi ezberdinen inguruko datuak jasotzeko. Nekazariak lurraren lagina ere jasotzen du, ondoren taldeak aztertuko duena. Bisitan zehar, baserritarrak gai ezberdinen inguruko informazioa ematen du, eta laborantza ekologikoaren elementu ezberdinek elkarren artean duten harremana interpretatzen laguntzeko aktibitate-sorta proposatzen die.
Horren ostean, taldea ENEEK-Ekolurraren egoitzara bueltatzen da. Bertan, ikus-entzunezkoak eta gune interaktiboak daude, nekazaritza ekologikoa zer den ulertzen laguntzen dutenak, ekoizpen eredu honek lur emankorraren zaintzarekin duen harremana azaleratuz aldi berean. Egoitzan egiten da ere laborategiko saioa, ortuan egindako diagnosia osatzeko lurraren lagina analizatuz. Erreferentziazko taula batzuen laguntzarekin, Amorebietako baratze profesionalean eta taldearen eskola-baratzan hartutako laginen osasun-egoera zehazten da. Egindako lanei eta lortutako emaitzei buruzko txostena osatuta bukatzen da jarduera, egunean zehar ikusitakoaren ondorioak batuz.
Programa egonkortu bat
Lurzorua 10-14 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago (hau da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak, eta DBHko 1. eta 2. mailak), bereziki, beraien zentroetan eskola-baratza duten taldeei. 2017an froga pilotu modura abiatu zen, hasiera batean soilik Amorebieta-Etxanoko ikastetxeei eskainia izan zelarik. Lehenengo urte horren ondoren, Autonomia Erkidego osora zabaldu zen eskaintza eta 7 urteko ibilbidean 4000 ikasletik gora parte hartu dute.