Skip to main content
EkoberriakEkoizpen ekologikoa

Hareko proiektua martxan da

By 15 uztaila, 20209 azaroa, 2021No Comments

Hareko proiektua martxan da

 

Martxan da behi-haragi ekologikoa etenik gabe hornitzeko estrategia integralaren garapena

Euskadiko ekoizpen ekologikoak garapen mugatua izan du orain arte, Europako beste eskualde batzuekin alderatuta. Haragi ekologikoaren ekoizpen-ereduei erreparatuta, ustiategi gutxi batzuek haragia ekoizten dute etxaldean bertan, eta zikloa ixten dute, batez ere paketetan zuzenean salduta eta sasoitasun nabarmena duen produktu batekin. Gehienek, aldiz, esne-behiak hazten dituzte ekologikoan, eta zekorrak gizentze-zirkuitu konbentzionalera saltzen. Egoera horren aurrean, HAREKO proiektuko bazkideek (NatuAraba, Neiker, Goimar eta Leartiker) ustiategian bertan zekorrak gizentzeko eta zuzeneko salmentatik harantzago merkaturatzeko beste bide batzuk biltzeko aukera identifikatu zuten, abeltzainen arteko aliantzen inguruan egituratutako Euskadiko haragi ekologikoaren hornidura jarraitua lortzeko. Ekolurrak, proiektu honetako bazkide laguntzaile gisa, proiektu pilotuetako txahalen ziurtagiri ekologikoaren jarraipena egingo du, eta proiektua eta haren emaitzak eragileen artean dinamizatu eta zabalduko ditu.

Helburuak betetzeko, proiektua hiru esperientzia pilotu garatzen ari da Arabako hiru abeltzaintza ekologikotan 2020-2021 epean, eredu ekologikoaren arabera gizentzeko 3 sistema ezberdin frogatuz. Lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira: txahalak modu ekologikoan loditzeko ekoizpen-kostuak optimizatzea, hiru abeltzainen artean koordinatutako lan-dinamika abian jartzea banatzaile handientzat txahal-haragi ekologikoaren hornidura jarraitua lortzeko, eta haragi-mota honen nutrizio-kalitatea zehaztea. Horrekin batera, merkaturatze-esperientzia pilotu bat garatuko da, produktuaren itxuran eta etiketatuan indarrak jarriz tokiko haragi ekologikoaren kontsumoak dakartzan onura guztiak transmititzeko.

Admin

Author Admin

More posts by Admin