El Mozo Wines
Upategi Lantziegoarrak urrezko domina lortu du Ecovino sarietan
Nekazaritzaren haritik tiraka, lurralde jakin baten historiako zati handia argitu daiteke: zer jan eta edan izan zuten arbasoek, nola ekoizten zuten belaunaldiz belaunaldi lurra agortu gabe, nolakoak ziren ospakizunak, asko eta asko lurraren zikloekin eta nekazaritzarekin lotuak, eta zer jaten zen egun berezi horietan… Istorioz betetako historia luze eta zabala gordetzen da nekazaritzaren alor bakoitzean, Zallako kipula gorrian, ardi latxan eta bere esnearen gaztan, belardi maldatsu-hezeetan, Errezil sagarrean. Historia (eta istorioak) kontatzeko gaitasun berezia du ere ardoak. Mahatsondo zaharrek beraien sustraiak lur malkarretan sakonki errotuak dauzkatelako izango da agian, baina atentzioz hartuta eta gidari on baten eskutik ardo kopatxo batean lurraren beraren ezaugarriei buruzko istorioak, urtetik urtera aldatzen ari den klimaren kronika edota arbasoen lan egiteko era dastatu daitezke.
Lantziegoko ‘El Mozo Wines’-en (hau da, Compañón-Arrieta upategia) historia garaikidea Cesáreo Compañón ‘El Mozo’ mahastizain eta ardogilearen eskutik hasi zen XX. mendeko bigarren zatian. Hark eta bere semeek (Felix eta Alberto, “Mozo”ak beraiek ere) zaindu eta landatutako mahatsondoetatik sortzen da, besteak beste, 2020ko Ecovino sarietan Urrezko Domina Nagusia jaso duen ‘Herrigoia’, beratze karbonikoko ardoa. Itxaso eta Unai Compañón neba-arrebak (Cesáreoren bilobak) eta Gorka Mauleón (Itxasoren bikotekidea) dira gaur egun upategiaren buru. Urrezko domina irabazi duen ‘Herrigoia’ beratze karbonikoz egindako urteko ardoaz gain, beste 4 “mikroardo” ekoizten dituzte: ‘El Cosmonauta En el barranco de Agua’ zuria; ‘El Cosmonauta y el viaje en el tiempo’ sulfito gabeko beltza; hartzidura espontaneoz egiten den “Malaspiedras” beltza; eta “El Mozo” kriantzadun beltza.
10 urte glifosato gabe
2013an Itxaso elkarrizketatzeko aukera izan genuen Ekolurraren 50. alean. Orduan kontatu zigun nola bizitzak aita behar baino askoz lehenago eraman eta, horren eraginez, 26 urterekin familiako mahasti eta upategiaren buru bilakatu zen ia egun batetik bestera. “Ikus-entzunezko formazioa eginda eta zinemagintzarantz bideratuta nengoen ni garai hartan. Mahatsetatik zerbaitek erakartzekotan hori ardoa zen, mahastizaintza eta ardogintzan interes gehiegirik ez zitzaidan piztu ordura arte.” Aitarena ezbeharra gertatu zenean upategia saldu edo beraiek ardura hartzea ziren bi aukerak. Gorkak eta biek Bartzelonan zuten bizitza utzi eta Unai gaztetxoarekin batera Lantziegora bueltatu ziren. 2013an, hiru urte beranduago, ‘Herrigoia’ren aurreneko urtaldia ia prest zeukaten. “‘Herrigoia’ familiako upategiaren lehenengo ardo propioa izan zen, aurretik, aitonaren garaitik, ardoa ontziratu gabe saltzen zitzaien upategi handiei. Baina horrek ia ez du marjinarik uzten guk bezala 10 Ha mahasti eta 50.000 botila inguruko ekoizpena baduzu. Upategiarekin jarraitzea erabaki genuenean argi genuen gure mahatsarekin gure ardoa egin eta guk geuk merkaturatzea zela modu bakarra bizirauteko.” Argi zuten ere ekologikoan egingo zutela, “umetatik ikusi ditugu herriko mahastietan traktoreak tratamendu andana egiten, pestizidak, plagizidak, herbizida… ez dugu horrelakorik nahi.”
Hain zuzen ere, pasa den apirilean sare sozialen bitartez ospatu zuten beraien mahastietan glifosatorik ez dela erabili joan diren azkenengo 10 urtetan. “Badirudi herenegun pasatu zela baina dagoeneko badira 10 urte! Aldaketa galanta izan zen, egia esan ez nuen espero orain nagoen bezain gustura egotera iritsiko nintzenik”, aitortzen du Itxasok. Bi hitzetan hamarkada bat laburbiltzeko eskatuta, apur bat pentsatu ondoren ziurtasunez botatzen du “kontziliazioa ez dela existitzen nekazaritzan; eta ekologikoa, bertakoa, txikia eta kalitatezkoa dela etorkizuna. Aldi berean, enpresa familiarra gara eta lan asko egitea suposatzen du ekoizpena, eraldaketa, promozioa eta merkaturatzea egitea, baina beste aldetik, inoren aurrean bete beharreko kupoekin estututa ez gabiltza, urtean daukagun mahatsarekin konformatzen gara eta ardoa urtero bukatzen zaigu. Kuriosoa izaten da batzuetan jendearen harridura, esaten diozunean ardorik ez daukazula saltzeko, bukatu zaizula. Hori da niretzat politena, urtero ardoa ezberdina dela, istorio berri bat kontatzen duela. Bestela fotokopiak egitea bezalakoa izango litzateke ardogintza.”
Euskal jendartean ezagutzera eman nahian, biba ardoak!
El Mozo Wines-ek ekoizten dituen 50.000 botiletatik %70 inguru atzerrira doaz, “bertoko merkatuaz ahaztu gabe, beti izan delako gure helburua, hasieran atzerrian indar gehiago jarri behar zela pentsatu genuen, gurea bezalako ardo artisauak gehiago baloratzen baitira atzerrian hemen baino. Egia esan, ondo joan zaigu. Gure ardoa herrialde askotara doa: Australia, EEBB, China, Irlanda, Noruega… Sare sozialen bitartez egiten dugu promozioa, mostra batzuk bidaltzen ditugu, ProWine Alemaniako feria potentean egonak gara ere… Han ikuspegia aldatu zigun zerbait gertatu zitzaigun: estatu batuar batek probatu zuen gure ardoa, asko gustatu zitzaion eta zur eta lur geratu zen ekologikoa zela esan genionean, etiketan ez baikenuen aipatzen. Prezioaz ere harritu zen, merkea iruditu zitzaion ardo ekologiko batentzat. Gaur egun zertxobait aldatu da, baina gu hasi ginen garaian, hemen zein estatu mailan, “ekologikoa” abizena ardo bati eransteak pertzepzio negatiboa sortarazten zuen kontsumitzailearengan, ezjakintasunetik kaxkarraren sinonimotzat hartzen zen. Atzerrian ez da horrela, alderantziz, produktuari balioa eransten dion ezaugarri positiboa da ekologikoa izatea.”
Barne merkatuaren bihotza konkistatu asmoz edo, Euskal Herriko txoko guztietako 13 mahastizain-ardogile artisau ekologikok (El Mozo Wines tarteko) Biba Ardoak kooperatiba sortu dute. Gorkak azaltzen duenez, “Iparraldeko banatzaile batekin lan egiten genuen guztiok, eta behin esan zigun ea zergatik ez ginen antolatzen gure artean banaketa errazteko eta bide batez Hegoaldean burua sartzen joateko. Biba Ardoak Gipuzkoan zabaldu dugu hasiera batean eta oso ondo mugitzen ari da, ikusten dugu pertzepzioa aldatu dela eta gauzak ondo azalduta, ekologikoa zer den eta zergatik egiten dugun, harrera ona izaten ari gara. Hasieratik Euskal Herrian saltzea gure helburua zen eta honekin bidean gaudela dirudi. Laster beste Herrialdetara zabaltzeko asmoa dugu.”
Ikerketa, Arabako mahastizaintza ekologikoaren garapenerako giltza
Duela 7 urte aitortzen zigun Itxasok herrian “mahastizaintza Sekologikoa” egiten zuelakoan trufatzen zitzaizkiola, ekologikoan aritzea mahatsondoak abandonatzea zela. Lantzean behin antzekorik entzun behar izaten badu ere, egoera aldatu dela nabaritzen du, “jende askok galdetzen digu ea nola egiten dugun, interesa urtez urte handituz doala nabaria da, ziurtatutako azalera urtero igotzen da, baina zalantza eta beldur asko daude oraindik gainditzeko mahastizainen artean, uzta salbatu dezaketenaren ziurtasuna nahi dutelako mildiu edota oidio eraso bortitz baten aurrean (konbentzionalean bezala, non produktu-sorta itzela bezain potentea duten tratamenduak egin eta gaixotasunak atoan apaltzeko).”
Gorkaren ustetan, ikerketa Arabako mahastizaintza ekologikoaren behin betiko zabalkunderako gakoa da. “Gu saiakera-akatsa metodoarekin goaz aurrera, Frantziatik eta ekarri ditugu produktuak, probatu ditugu eta ez digute funtzionatu. Beste batzuk bai, baina nekazariok gure bakartasunean gaitasun oso mugatua dugu ikerketa egiteko. Pare bat entsegutan parte hartzen ari gara Neikerrekin batera: fruituen garapenean estalki begetalek lurra lantzearen aurrean duten eragina aztertzeko bata, eta 0 Hondakinekin egindako maneiu baten efektua ikertzeko bestea. Inplikazio eta lan apur bat eskatzen du honelako entsegutan parte hartzea baina oso interesgarria eta aberasgarria da. Estalki begetalen eragina ezagutu ahal izateko frogatu beharra dago, hori Neikerrek egin dezake baina guk ez. Gauzak frogatzeko prest gaude, era horretan aurrera egingo dugu eta errazagoa izango da mahastizainak maneiu ekologikora animatzea. Azken finean, norberaren mahastiak gaixoak jota eta gaizki topatzea ez da gozoa: mahastizainontzat mahastiak seme-alaben antzekoak dira, ez dituzu sufritzen ikusi ezta arriskuan jarri nahi. Urte batzuetan %10 edo %20 galtzen ari zarela ikus dezakezu, eta ondoko lursailean maneiu konbentzionaleko produktu sintetikoekin ia arazorik ez izatea. Hori gogorra da. Ekoizleon esperientzian eta zientzian oinarritutako jakintza zabalago batek beldur horiek uxatuko ditu.”
Istorio bat botila bakoitzean
Izen xelebreak eta etiketa deigarriak jartzea gustuko dute El Mozo Wines-en. “Oso prozesu polita da etiketa egitearena. Batzuk urtearen arabera aldatzen ditugu. Adibidez, ‘El Mozo’ kriantzako etiketan agertzen dena gure aita da, baina urtea klimatikoki nolakoa izan denaren arabera etiketa ezberdinak egiten ditugu. Azkenengoari “El Mozo. Al mal tiempo, buena cara” deitu genion, etiketan aita mahastian euripean dantzan irudikatu genuen. Istorioak kontatzea gustuko dugu, ardo hau, adibidez, aitonak, aitak eta osabak 1983an landatutako arabar mahasti klasiko batetik dator: ‘La Regoya’ (edo ‘Herri goia’) lursailaren azpiko partean Tempranillo mahatsa dago, azaleraren %70 hartuz; goiko partean, aldapan, Viura eta Malvasia. “El Cosmonauta en el Tunel del Tiempo” beltza Gorkaren aitona Teodoro Mauleón-ek 1940an landatutako mahasti bitxi batetik dator eta sulfito gabe egiten dugu; “Malaspiedras” beltza gure aitonak 1965ean landatu eta makineriarik onartzen ez duten lursail txiki batzuetatik eratortzen da, mahatsa paregabea ematen dute, legamiarik gehitu gabe naturalki hartzitzen duguna, baina guzti guztia eskuz egin behar da. Txuri bat ere badaukagu, “El Cosmonauta en el Barranco de Agua”. Sormenari bidea emateko balio digute etiketek, eta egiten dugunaren istorioa kontatzeko.”
Agurtzeko orduan Itxasori galdetzen diogu ea 2013an aitortzen zigun bezala, oraindik emakume bat traktorea eramaten ikustea arraroa izaten jarraitzen ote zuen, “bai, eta batzuetan segun nondik pasatu behar naizen lotsatu ere egiten naiz. Atera kontu: guk seme bat eta alaba bat dauzkagu, eta ni, emakume mahastizain bat, zoriontzen naute esanez ‘zeinen ondo mutikoa daukazula, horrela mahastien ardura hartuko du eta’!”
Baina istorio honetan zerbait bai aldatu dela esanez bukatzen du: “hala ere, poztasun momentuak ere baditut traktorearekin herritik pasatzerakoan, gurasoek alaba txikiei esaten dietenean “begiratu, nagusitan zu ere Itxaso bezala ibili zaitezke, traktore gainean”.