Skip to main content
  • 2016tik, ekologikoan ziurtatutako lurren azalera hirukoiztu egin da.

  • Egun Euskadin nekazaritza lurren % 5a ekologikoan ziurtatuta dago, Itun Berdeko erronka 2030erako lurren %25a ekologikoa izatea da.

2022an Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoari zuzendutako 1.199 hektarea berri ziurtatu zituen, Euskadiko nekazaritza lurren 9.104 hektarea okupatuz. Gipuzkoan, % 35eko igoerarekin, izan da lurren azaleraren igoera nabarmenena abeltzain handien izen emateagatik. Ondoren Araba, % 12ko hazkundearekin, eta Bizkaia (% 5) kokatzen dira.  2016tik gaur arte, ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da.Aurreko urteekin alderatuta azaleraren hazkunde erritmoa apur bat moteldu den arren, goranzko joerari eutsi dio urteko % 15eko erritmoan gora eginez (2021ean hazkunde erritmoa % 16koa izan zen). Une honetan Euskadiko nekazaritza lurren % 5a ekologikoan ziurtatuta dago dagoeneko, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzeko: 2030ean lurren % 25a ekologikoa izatea. Hala ere, ekologikora bideratutako azalera ekoizpenen arabera aztertuta, ortularitza (% 19,20) eta frutagintza (% 21,05) Europak eskatutako % 25etik oso hurbil agertzen dira.Ekoizpen ekologikoa handitzeko, eraldaketaren merkaturatzearen sareak garatzeko eta bertoko elikagai ekologikoen eskaria handitzeko helburuarekin, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoaren Sustapenerako (FOPE) planari jarraipena emango zaio 2023-2026 aldian. “Konbertsio ekologiko handiago baterako baldintzak sortzea ezinbestekoa da, non ekoizleek, administrazioak eta kontsumitzaileek paper garrantzitsua jokatzen dugun”, azaldu zuen Arantza Eguzkizak, Kontseiluko lehendakariak, Bioterra azokaren aurkezpenean. “Ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala garatzeko urratsak ematea ezinbestekoa da bai arlo instituzionaletik bai arlo sozioekonomikotik”.

Abeltzaintza ekologikoa, hazten ari den sektorea

Animalien ekoizpenak goranzko joera mantendu du (% 8koa), haragitarako hegaztien eta behien hazkuntza igoera nabarmenena izan duelarik. Hala ere, baratzezaintza, frutagintza eta mahastizaintza izan dira, beste behin ere, Euskadiko profesional gehienen lanak. Hiru jarduera hauetan hazkundea jarraitua eta etengabea izaten ari da, merkaturatzea eta inportazioa jaitsi diren bitartean.

Profesionalen hazkundea lurraldeka

Kontseiluaren erroldak % 1eko igoera izan zuen 2022an (guztira 43 profesionalek eman zuten izena ekoizpen ekologikoan). Azpimarratzekoa, izen emateen % 86ak ekoizpen konbentzionalean jarduten zutela aurretik eta eredu ekologikorako urratsa eman dutela. Lurraldeka, hazkunde handiena Araban eman zen (% 41,8koa). Hala ere, Gipuzkoa eragile gehien dituen probintzia izaten jarraitzen du. Bizkaiak, aldiz, % 2ko jaitsiera jasan du 2021eko datuekin alderatuta. Gauzak horrela, erroldak goranzko bidea jarraitu arren, inoizko hazkunderik txikiena izan zuen aurreko urtean. Belaunaldien arteko errelebo eza erroldaren hazkunde geldoaren arrazoietako bat izan da. Ekologikoaren ziurtagiria lortzeko interesa, ordea, bere horretan jarraitzen du eta 2021ean bezala, 90 informazio eskaera jaso zituen Kontseiluak.

Bertako elikagai ekologikoak: Ekolurra

Elikagai ekologikoen kalitatea tokiko ekoizpenarekin konbinatzeko beharra ikusita, 2021aren amaieran Kontseiluak EKOLURRA bereizgarria sortu zuen. Bereizgarria, Europar Batasunekoaren ondoan agertzen dena, euskal ekoizle ekologikoen elikagaiak identifikatzeko balio du. Era honetara, kontsumitzaileen eta ekoizleen premia bati erantzun dio Kontseiluak elikagaiaren jatorri- eta kalitate-balioak bilduz eta urrats handia emanez ekologikoaren alde.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu