Skip to main content
Helen Groome, Karrantzako abeltzaina eta eraldatzailea.

Ingelesa jaiotzez, euskalduna adopzioz eta espirituz, iragan mendeko 80. hamarkadan iritsi zen Euskal Herrira Geografia eta Historian lizentziatutako Helen gaztea, bere doktoretza tesian lanean. Horren ostean, bi hamarkadetan zehar EHNE Bizkaia sindikatuan baso- eta abeltzaintza-kudeaketa teknikari lez jardun zen. Denbora horretan, gainera, transgenikoen kontrako aktibismoaren  aurpegi ezagunetako bat izan zen Euskal Herrian. Baina iritsi zen momentu bat teoriatik praktikara pasatzeko beharra ikusi zuena, horregatik buru-belarri sartu zen bere bikotekide César Valera eta koinatu José Valeraren ganadutegian: Karrantzako (Bizkaia) Vista Alegre baserrian, hain zuzen.

12 urteko ibilbidearen ondoren, Vista Alegreko esnekiak ez daude jada denda espezializatuetako eta kontsumo elkarteetako hozkailuetan: Josek jubilazioa hartu zuen lehenengo, eta Helenek jarraitu egin dio 2024an. Gaztandegia eskualdatu dute, baina ganadutegiak martxan jarraitzen du, ekologikoan, Joseren semeen ardurapean. Cesarrek ere jardunean jarraitzen du, nahiz eta urte pare batean berari ere jubilatzeko adina iritsiko zaion.

Helen, nola bukatzen du ingeles batek Karrantza bezalako leku batean bizitzen?

1982an iritsi nintzen Madrilera, Estatu mailako Mendien Kudeaketa politikei buruzko doktore-tesia egin asmoz. Garai hartan dena zegoen zehazteke 40 urteko diktadura baten ondoren, eta Espainiako Estatuan zer egitea aurreikusten zen aztertu nahi nuen. Kapituluetako bat Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoa zen. Andaluziako ikaskide batek esan zidan Euskadin asko zegoela ikertzeko, eta etortzera animatu nintzen. EHNE Bizkaia sindikatuarekin harremanetan jarri nintzen mendiko larreekin eta basoen birlandatzearekin zer gertatuko zen aztertzeko. Cesar garai hartan EHNE Bizkaiako zuzendaritzan zegoen, elkarrekin ondo arreglatzen  ginen eta azkenean Karrantzara etorri nintzen bizitzera.

Eta nola amaitzen du geografo batek gaztandegi bateko kudeatzaile izaten?

Sindikatuan 20 urte eman ondoren, hainbeste denboran teoriatik landutakoa praktikan jarri nahi nuen: abeltzaintzaren desintentsifikazioa. Proba-eremua etxean neukan, Cesarren eta Joseren etxaldea prozesu horretan zegoelako. Proiektura batu nintzenean, gaztandegi txiki bat martxan jartzea erabaki genuen, gure behien esnea eraldatzeko. Aldi berean, urrats logiko gisa, eragile ekologiko moduan alta eskatu genuen. Gure ideia, hasieratik, esnearekin zerbait diferentziala egitea zen. Mikel Kormenzana (Urduñako frutazain, eraldatzaile eta abeltzain ekologikoa) oso garrantzitsua izan zen guretzat zentzu horretan, berak ohartarazi baitzigun ziurtapen ekologikoarekin alderdi diferentzial hori bagenuela. Egia esan, ekintzara pasatu nintzenean eta desintentsifikazioak funtzionatzen zuela ikusi nuenean, txute izugarria izan zen. Era berean, oso pozgarria izan zen 5 pertsonako talde bat osatzea, oso heterogeneoa, non komunikatzen, gatazkak elkarrekin kudeatzen… azken finean taldean lan egiten ikasi behar izan dugun.

Ekoizpen-eredua aldatuta, aldaketa esanguratsurik sumatu zenuten abereetan?

Gaur egun Vista Alegre Baserrian 23-25 behi jezten dira; duela 30 urte 40 behi ziren. Une hartan buru kopurua jaistea erabaki zen, belarra elikaduraren oinarria izan zedin. Aldi berean, era horretan purinen kudeaketa ere asko errazten genuen, abelburu kopurua baserriak daukan larre kopurura egokituta. Prozesu hori pixkanaka egin zen. Pixkanaka egokitzen joatea ondo etorri zitzaigun, horrela gauzak nola aldatzen diren ikusten baituzu. Buru kopurua jaistean, abortu gutxiago genituela ikusten hasi ginen, behiak ernaltzeko arazo gutxiago zeuzkatela, mamitisa bezalako infekzioen intzidentzia txikiagoa zela (ez da desagertzen, baina leunagoa da)… Finean, osasun arazoak asko jaitsi ziren. Atera kontu, gure baserriko albaitaritza gastua, gaur egun, ia hutsaren hurrengoa da. Jakina, animaliak hain estresatuta ez daudelako gertatzen da hori: kortan leku gehiago dute, larreetara ateratzen dira… Animaliak ekoizpen industrialera egokitzea da helburua, baina horrek ez du zentzurik. Esneari dagokionez, esnearen kalitateari buruzko datuak biltzen joan nintzen hilabeteetan zehar. Hasieran, esnearen kalitatean gorabeherak ikusten ziren, baina azkenean kalitatea egonkortu egin zen, hain nabarmenak ez ziren gorabeheren barruan.

Zeintzuk izan ziren zailtasun nagusiak trantsizio hori egiterakoan?

Oro har, gauza txikiak izan ziren. Guk egin genuen moduan, desintentsifikaziorako trantsizioa aurretik jorratuta, nahiko erraza izan zen ekologikoan sartzea maneiuarekin lotutako guztia jadanik egokituta baikeneukan. Hori bai, gure proiektuan lan egin nahi zuen jendea aurkitzea kostatu zitzaigun. Aziendari dagokionez, araudiak ezartzen duen animalia bakoitzeko azalera minimoak lortzeko azpiegiturak egokitzea izan zen lan gehien eman ziguna. Era berean, zaila izan zen GEOrik gabeko elikagaiak bilatzea. Eredu intentsibotik ateratzeko prozesuan hasi ginenean, behien elikadura aldatu genuen transgenikoak saihesteko. Horretarako, soja eta artoa pentsutik kendu genituen, eta beste landare-proteina mota bat aukeratu, ilarrak kasu. Azken alderdi horretan, elikadurarenean, aspaldidanik bazka hornitzen digun Aragoiko nekazari ekologiko Antonio Ruizekin dugun akordioa azpimarratuko nuke. Funtsezkoa deritzot harreman estuak eta egonkorrak izatea abeltzain eta nekazarien artean. Alderdi hori asko zaindu behar da, urteko garai jakin batzuetan haiek hornitu diezazuketen bazkaren mende zaudelako.

Eta gaztagintzari dagokionez, oso zaila izan zen osasun-araudira egokitzea?

Ez bereziki, baina uste dut, administrazioek nahi izanez gero, prozesu jakin batzuk sinplifikatu ahalko zirela, era horretan enpresa eraldatzaileentzat kostuak gutxituz. Ulertzen dut elikagai-industrietan kontrol eraginkorra egon behar dela, garbitasuna eta ordena oso ondo zaindu behar direla… baina, nire ustez, gauza batzuk soberan daude. AKPKAren (APPCC gazteleraz) hainbat alderdi enpresak berak egin ditzake, zerbitzu horiek kontratatu (eta ordaindu) behar izan gabe. Gurea bezalako gaztandegi txiki bati horrek gastu handia ekar diezaioke. Egia da ere AKPKA balioesterakoan egokitzen zaizun pertsonaren arabera ezartzen dela zorroztasuna: guk laguntza handia jaso genuen Enkarterriko Osasun teknikariaren aldetik. Hark, azkenean, ulertu zuen AKPKAren aplikazioa ezin dela berdina izan proiektu txiki batentzat eta ekoizpen industrial handi batentzat.

Bide batez, gaztandegiaren proiektuarekin buru-belarri sartu aurretik, ba al zenekiten zerbait gaztagintzaz?

Ez genuen ideiarik ere. Jose koinatua eta biok EHNE Bizkaiak Jose Luis Martin maisu gaztagilearekin antolatutako ikastaro batean izan ginen. Proiektu txikiekin oso konprometituta dagoen norbait da Jose Luis. Ikastaroa egin ondoren, 2 asteko intentsiboa gurekin egiteko kontratatu genuen, eta, egia esan, denbora horretan gure ezagutzak modu esponentzialean handitu ziren. Azkenean, gaztagilea Jose izan zen, eta ni administrazioaz arduratu nintzen: AKPKAren kudeaketa, administrazioekiko harremana, burokrazia… Nik ez nuen gazta bere horretan egiten, baina izugarri gustatzen zitzaidan gaztandegian sartu eta antolaketan laguntzea, dena engranatzen zela ikustea… horrek poz handia ematen zidan. Egia esan, izugarri gustatzen zitzaidan lana.

Karrantzako abeltzaintza oro har ekoizpen intentsibora bideratuta egonda, eredu horrekin errotik apurtzera zetorren zuen planteamenduak nolako harrera izan zuen?

Gure proiektua oso berria zen Karrantzan. Zentzu horretan, Karrantzako 2 abeltzainen ausardia azpimarratuko nuke, Jose eta Cesarrena, erresistentziak erresitentzia korrontearen kontra joatera ausartu baitziren, horregatik jasan behar izan zuten presio psikologikoari eutsiz. Gurea bezalako proiektu apurtzaileetan, lehenago zapaldu gabeko bideetatik zoazenean, motibazio gehigarria behar duzu, eta agian ez duzu soberan izango laguntza psikologikoa. Hau guztia, gurea bezalako haran itxi batean, are nabariagoa da. Valera anaien ahalegin eta kemenak fruituak eman zituen, eta horrek asko pozten nau. Gainera, dagoeneko Vista Alegre Baserriak gaztandegia kudeatzen ez duen arren, baserriak ekologikoan ziurtatuta jarraitzen du, eta hori bada zerbait.

Zuen adibidea hedatu al da?

Nik dakidala, salbuespena izaten jarraitzen dugu. Gure kasuan, faktore askok bat egin zuten: alde batetik, baserrian bi pertsona zeudela ekoizpen-eredua aldatzeko konbentzituta; bestetik, erreleboak (nire ilobek, alegia) egin nahi zen maneiurako ezagutzak zituen, eta nik kudeaketa-gaitasunak ekarri nituen, administrazioa eta beharrezko izapideak egiteko. Uste dut hori guztia behar duzula ganadutegi bat desintentsifikatzeko. Ahaztu gabe, noski, esnea ere prezio onean saldu behar duzula diru-kontuak atera daitezen.

Nola ikusten duzu lehen sektorea Karrantzan?

Denboraren aurkako lasterketa da. Atzetik ez dator inor. Are gehiago, etorkizun hurbilean ez zait iruditzen abeltzantzan jarduteko interesdun askorik agertuko direnik. Pena da, diru asko inbertitu delako, pribatua zein publikoa, baserriak eredu superitentsibo batera egokitzeko, eta erreleborik ez badago, erabilitako baliabide horiek guztiak hor geratuko dira. Uste dut diru hori beste era batera inbertitu balitz, itzulkin sozial handiagoa izan zezakeela haranarentzat. Bere garaian, Vista Alegre sortzearen arrazoi bat izan zen ere ikusi genuela Karrantzako merkaturatze-proiektu komunak gure asmoak gogo-betetzen ez zituela. Desintentsifikazioa bailara osoan gertatu izatea gustatuko litzaiguke.

Eta zer behar da, zure ustez, zuen gurari hori errealitate bilakatzeko?

Esne-azienda dedikazioa da, nahiz eta ustiategia teknifikatuta eduki. Jezteko robot batek lan horretatik zerbait libra zaitzake, baina ez dizu lana kenduko. Abeltzaintzan sartzen direnek argi izan behar dute esnetarako behiek dedikazioa eskatzen dutela. Behiak gustatzen bazaizkizu, hauxe da dagoena. Lehenesten den eredua ekologikoa izateari dagokionez, nire ustez horretarako indarren harremana aldatu behar da. Administrazioek apustu argia egin behar dute eta, aldi berean, ekoizpen eredua gidatzen duten zenbait interesetik askatu beharko litzateke Karrantzako abeltzaintza. Nik haranerako dudan ikuspegia da ekoizpen guztia ekologikoa izatea, baina ez da apustu hori egiten. Ahaztu gabe jauzi hori egin ahal izateko formakuntza-eskaintzarik ez dagoela. Beste gai bat da kontsumitzaileek jasaten duten desinformazioa: zigilu, ziurtapen eta mezu zalantzagarri andanarekin erabat galduta daude.

Pentsuaren prezio aldakorra eta berekiko mendekotasuna ez al dira nahikoa akuilu ereduz aldatzeko?

Nik uste dut gai hori ere baserriak ixteko beste faktore bat dela. Ikuspegi horiek dituen abeltzaintza-ekoizpena ez da erakargarria belaunaldi berrientzat. Iruditzen zait aitzakiatzat jartzen dela erreleborik ez dagoela, baina animalien elikaduraren gaia funtsezkoa da. Orain arte, administrazioek une jakin batzuetan etxaldeak hornitzeko egon diren arazoak konpondu ahal izan dituzte, baina hori noiz arte izango da posible? Begira, duela 4 urte prentsaurreko bat egin zen Karrantzan, abeltzaintza jasangarriaren alde. Bada, Vista Alegrera ez ziren hurbildu ere egin. Administrazioak ekitaldi hartan erakutsi nahi izan zuena abeltzaintza intentsiboa izan zen, jasangarritik gutxi dutena, kanpoko inputen menpe daudelako. Agian, abeltzaintza handiak desagertzen direnean, lurraldean errotuta dauden ekoizpen txikiagoek, ekologikoak kasu, lekua izango dute. Arazoa da abeltzaintzan hasten diren pertsonei, esan beharrean, “begira, 6 behirekin hasi zaitez, zoaz merkatu seguru eta egonkor bat egiten, eta gero, nahi baduzu, abereak gehitu”; ez, ustiategi berriei esaten zaiena da 100 behirekin hasi behar direla, bestela ez delako “errentagarria”. Tira. Gu ez ginen esnearen % 100 eraldatzen hasi, merkaturik ez geneukalako. % 5 eraldatzen hasi ginen, eta % 90ean amaitu genuen. Baina trantsizio horretan asko landu behar izan genuen merkatua, ezin zara topera eraldatzen hasi sare komertzial bat finkatu gabe.

Errentagarritasunaz ari garela, posible al da esne-abeltzaintza ekologikoa egitea, eraldaketa proiektu batekin batera ez badoa?

Bai, posible da, baina sozialki errentagarriagoa da eraldaketa gehitzen baduzu. Gure baserriko aziendarekin (23-25 behi jezten), esnea saltzearekin bakarrik 2 edo 3 pertsona bizi litezke. Gaztandegiarekin, 7 lanpostu genituen. Karrantzan lanpostuak sortzea funtsezkoa dela deritzot, jendea alde egiten ari da ibarrean dauden lan aukera urriengatik. Egia da, halaber, gurea bezalako proiektu txikiek zailtasunak dituztela bertan lan egin nahi duten pertsonak aurkitzeko. Ez dut ezkutatuko eskaini genezakeen soldata ez zela oso handia, soldata minimoaren apur gainetik zegoen, baina ezusteko desatseginak hartu ditut gure lan-eskaintzaren batengatik informatzera diren zenbait pertsonekin: adierazi izan digute baldintza horiekin nahiago dutela laguntza sozialez bizitzen jarraitzea. Ez gaizki ulertu, ni laguntzen alde nago, baina uste dut pertsonek erantzukizun sozial bat ere izan behar dutela, gizarteari ekarpena egin behar diozu, ez bakarrik hartu.

Agian hor sartzen da ganaduarekin lan egiteak eskatzen duen dedikazioa ere…

Ba agian bai, eta agian ez. Non sartzen zaren jakin behar duzu, zer proiektu dauden jakin behar duzu. Gu ez gara multinazionala, ez gara dibidenduak jasotzen aritu, inork baino lan gehiago egin dugu. Ez zaigu inoiz gustatu enpresaburutzat hartuak izatea. Asteburuetan guk lan egiten dugu, baina larunbatetan Bilboko Areatzako azokara joateko kontratatuta geneukan pertsonak asteko beste egun bat libratzen zuen. Horrelako proiektuetan lana antolatzeak bere konplexutasuna dauka, ordutegiak ezin direlako hain itxiak izan, “dantzan egiteko gaitasuna” eduki behar da. Hori bai, igandeak beti errespetatu ditugu libre izan zitezen. Pertsona batzuek lanarekiko erakusten duten jarrera tristea iruditzen zait, pasotismo sentsazioa izan dut. Gutxienez, komunitateari zerbait itzuli behar diozula uste dut. Nik ikusi dut jendeak bere buruan bakarrik pentsatzen duela. Denbora niretzat nahi dut, dirua niretzat ere bai… Baina etorkizuna guztion artean eraiki behar da. Etorkizunak kezkatzen nau, aldaketak nahi ditugu, baina horretarako lan egin behar da, inplikatu.

Orain libreago zaudela, lehen egiteko tarterik ez zeneukan zerbaiti denbora eskaini ahal izan diozu?

Orain denbora daukat nahi dudana egiteko. Adibidez, beti gustatu izan zait ortua, eta orain bertan eman dezaket denbora. Cesar eta biok ere atera gaitezke lasai paseatzera, lehen ezin baikenuen. Cesar ganadutegian jarduten da oraindik, jubilaziorako pare bat urte geratzen zaizkio oraindik, baina bere erantzukizun kuota jaisten ari da. Ilobei eskualdaketa egiten ari da, haiek jarraituko baitute baserriarekin.

Hau da, erreleboa gauzatzen ari da Vista Alegren.

Bai, Joseren semeak ganadutegiaz arduratzen ari dira. Baserriaren kudeaketaren ia alderdi guztiak kontrolatzen dituzte, baina beti sortzen dira zalantzak, eta horregatik da garrantzitsua erreleboa pixkanaka gauzatzea.

Bukatzeko, eman diezagukezu informazio pixka bat GEOen gaia oraintxe bertan nola dagoen jakiteko? Lasaiago dagoela dirudi, ez delako hainbeste hitz egiten…

Bada, egia esan, ez nago lehen bezain sartuta, baina noizean behin Greenpeace-en orriak begiratu eta informazioa jasotzen dut. Egia da ez dela lehen adina entzuten. Dirudienez, Europa mailan, GE laboreen sustapena gelditu egin da, eta une honetan kontinentean hartzen duten laborantza-azalera dezente murriztu da. Berri ona da, frogatu da baterako existentzia ez dela posible. Arto transgenikoa egon badago, eta hori arazo bat da koexistentzia ez baita posible. MON810 artoa ereitea (kontinentean ereiten den transgeniko bakarra, Bacillus thuringensis-en toxina sintetizatu dezan genetikoki eraldatuta dagoena) arriskutsua da gainontzeko arto-laborantzentzat. Lasaitasun-momentu txiki batean gaude, baina ez dugu arreta galdu behar. 2019tik 2023ra bitartean, Estatuan, ekoizpena 107.000 ha-tik 46.000 ha-ra jaitsi da. Azalera % 50 baino gehiago jaitsi bada ere, GE artoa ereiten jarraitzearen arriskua hor dago. Arazo iturri bat da. Ahaztu gabe industriaren ikuspegiak hor jarraitzen duela: GEOak labore-mota guztietan egotea, zerealak izan zein barazkiak izan.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu