Skip to main content
Ekoberriak

Azoka ekologikoa izango da Zumaian

By 24 abuztua, 20219 azaroa, 2021No Comments

Azoka ekologikoa izango da Zumaian

Abuztuaren 27an, ostirala, Azoka Ekologikoa egingo dute Zumaian, Eusebio Gurrutxaga plazan, goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Abuztuaren 27an, lehenengoz antolatuko du BIOLUR ELKARTEAK Zumaian, Udalaren eta Urkome landa garapen elkartearen lankidetzarekin, halako azoka bat, eta topagune honetan, barazkiak, ardi- eta behi-gazta, eztia, gozoak, ogia, marmeladak, olioa, arrautzak eta sagarrak aurkitu ahal izango ditugu, besteak beste. Gainera, nekazaritza eta elikadura ekologikoari buruzko informazio-panelak ere izango dira bertan bisitarientzako.

Hogei parte-hartzaile izango dira: Haristizabal, Martinelli, Ametsola, Goiabe, Pikuneta, Oihanart, Txillarre, Tologorri, Aldaba, BIOLUR, Ekoerlia, Ecopardo, Etxeberri Goikoa, Lacorraliza, Doniene, Aikur, Ekain, Telleri, Onein, Sakona.

Biolur elkartearen iritziz “pozgarria da Zumaiako Udalak izan duen jarrera, uste dugu azokak neurriak neurri aurrera eraman ahal direla arazorik gabe. Zumaian hasi eta Villabonan bukatuko den azoka hauen kanpaina nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapenerako erakusleiho dira, eredu ekologikoak eta azokek duten balioa bistaratzea dute helburu. Gainera egun bizi dugun egoeran ezinbestekoa da ekoizpen eta kontsumo ereduan arreta jartzea, sektorearen iraunkortasuna eta ingurumena eta pertsonen osasuna erdigunean jarri nahi baditugu behintzat.”

Udaleko ordezkarien iritziz “garrantzitsua da guretzat herrian halako ekimenak bultzatzea eta herritarrei halako aukerak erraztea; izan ere, elikadura eta ekoizpen ekologikoak garrantzi handia dauka, eta aurrerantzean handiagoa izango duela uste dugu, ingurumenaren zaintzan eta gure bizi baldintzetan” azaldu du Alex Oliden Zumaiako zinegotziak.

Urola kostako landa garapenak, Urkomeren hitzetan:  “garrantzitsua da urteroko jardunaldi ekologikoen hitzordu honetan Urola Kostako herriak batzen joatea; garrantzitsua da herri guztiek bertako, garaiko eta elikagai ekologikoak erosi, dastatu eta disfrutatzeko aukera izatea”.

Erakusketan jarriko diren informazio-panelen harira, Xabier Lejarzegi, Kontseiluaren  Zuzendariak honako hau azaldu du: “ezinbestekoa iruditzen zaigu pertsonak ondo informatuta egotea, zenbat eta informazio gehiago izan orduan eta erabaki hobeak hartuko ditugu. Hautu baten goraldiak ezin dira moda kontuak izan, eta jendeak argi eduki behar du nekazaritza-ekoizpen ekologikoarekin dena hobetzen dela eta hori zergatik gertatzen den, panel horiekin informazio hori argitzen lagundu nahi dugu”.

Admin

Author Admin

More posts by Admin