Skip to main content

Agortu ditugu lurraren urteko baliabide guztiak

Uztailaren 29an gainditu du Lurrak bere gaitasun biologikoa

 

Lurrak bere gaitasun biologikoa gainditu zuen uztailaren 29an. Zer esan nahi du horrek? Urte jakin batean, baliabide eta zerbitzu ekologikoen eskariak ekosistemaren leheneratzeko gaitasuna gainditzen duen eguna zehazten du: urte osorako kalkulatzen diren baliabideak, urtea amaitu baino bost hilabete lehenago agortu ditugula, alegia, eta, ondorioz, hurrengo belaunaldiek planeta honetan bizi izateko behar izango lituzketen baliabideak erabiltzen ari garela.

Espainiako estatuak maiatzaren 25ean agortu zituen; hots, bost hilabetean. Horrek esan nahi du, mundu osoan batez besteko horren arabera biziko bagina, urtean gure burua hornitzeko 2.5 planeta behar izango genituzkeela. Beraz, argi dago gure kontsumitzeko eta bizitzeko moduak aldatu beharra dagoela daukagun planeta bakarrean modu jasangarrian bizi nahi badugu.

Irudian ikus daitekeen bezala, baliabideak arinen agortu dituen herrialdea, berriro ere, Qatar izan da; otsailaren 9rako agortua zuenez 9 planeta beharko lituzke bertako baliabide-eskaerari erantzuteko. Erabilgarri dauden baliabideei doituta bizi diren herrialdeen artean, berriz, Txad (abenduaren 16an iaz) eta Ginea (abenduaren 14an iaz).

Data hori zehazteko, Global Footprint Networkek formula bat erabiltzen du: planetaren biogaitasuna (urte batean lurra bera sortzeko gai den baliabide ekologikoen kopurua) gizateriaren arrasto ekologikoarekin (gizateriak urte horretarako duen eskaria) zatitu eta urteko egun kopuruarekin, 365, biderkatzen du.

Arazoa zein den jakinda, eta zifrak oso adierazgarriak direla ikusita, denok pentsatu izan dugu inoiz gure arrasto ekologikoa murriztea, hau da, gure bizimoduak ingurumenean duen eragina murriztea. Horren aurrean, Global Footprint Network erakundeak hainbat gako eskaintzen ditu joera hori leuntzen joateko, helburua, data hori atzeratzea lortzea izanik; baliabide naturalen osasun egoera azpimarratzen dute, lur emankorra, ur garbia eta aire garbia; hirien plangintza egokia eta garapenerako estrategiak; erregai fosilekiko mendekotasuna murriztea eta, batez ere, gure elikatzeko moduari buruz hausnarketa sakona egitea, besteak beste janaria alferrik galtzen ez uztea eta bestelako ekoizpen eta elikatze moduak bilatzea, hots, elikadura ekologikoa, tokikoa eta sasoikoa lehenestea.

Azken horri dagokionez, egia da beste herrialde batzuetan eta modu ez jasangarrietan ekoizten diren elikagaiekin elikatzen garela, edozer elikagai eskura nahi dugulako beti. Horren aurrean, ordea, ezin neur daitekeen mesedea egiten dio ingurumenari bertan eta modu jasangarrian ekoitzitako elikagaiak edukitzea: emisio gutxiago eragingo genituzke eta bertara ekarriko genuke aberastasuna, bai ekonomiko eta soziala bai ingurumenari dagokiona ere, ekoizpen modu ekologikoek, besteak beste hurrengo belaunaldiei baliabide nahikoa erabiltzen jarraitzeko aukera bermatzen dietelako.

#MoveTheDate #AldarazDezagunEguna

Admin

Author Admin

More posts by Admin