Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da.
Gaur Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak Iparragirre sagardotegian izandako agerraldian sagardotegietan Euskal Sagardo ekologikoaren eskaintza ikusaraziko duen kupeletarako euskarria aurkeztu dute.
Aurtengo sagar uztan, 335.000 litro Euskal Sagardo ekologiko ekoiztu dira, eta horretarako 495.000 kilo sagar bildu dira, europar araudiak ezarritako nekazal ekoizpen ekologikoaren irizpideak jarraituz.
Kontseiluak jakitera eman duenez nekazal ekoizpen ekologikoak goranzko bidean jarraitzen du eta aurreikusi liteke, datozen urteetan eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardo gehiago izango direla merkatuan. Elikagai ekologikoen eskaera geroz eta handiagoa da orokorrean eta berdin gertatzen da sagardo ekologikoaren kontsumoarekin. Hori horrela, geroz eta sagasti gehiago ziurtatzen dira eredu ekologikoan. Une honetan EAEn 340 Ha sagasti daude ekologikoan ziurtatuta.
Elkarlan honek erakusten du garaira eta kalitatera egokitzeko sagar eta sagardo sektoreak duen interesa eta konpromisoa, eta apustu hori balioan jarri nahi izan da sagardotegietan.
Sagardo Ekologikoaren berezitasuna:
Ekologikoaren oinarria fruta-arbolaren osasuna, lurzoruaren emankortasuna eta biodibertsitatea hobetu eta zaintzea da eta horretarako, prozesu osoan sintesiko produktu kimikoak erabiltzeari muzin egiten zaio, hasi sagastitik eta botilara arte. Ongarri naturalak erabiltzen dira eta gainera, uztaren berezko izaera eta zaporea mantentzea bilatzen da, prozesu natural honetan.
Euskal Sagardo ekologikoaren identifikazioa:
Euskal Sagardo ekologiko botilek Euskal Sagardoaren zintilo edo sagartxoa eta kaputxoia daramate, baita elikagai Ekologikoa dela jakinarazten duen euro-hostoa ere. Bi zigilu hauek elkartuta, kontsumitzaileek Euskal Sagardo ekologikoak bereizteko aukera izango dute sagardotegietan.
Eredu ekologikoak eta Euskal Sagardoak bat egitearen balioa:
Alde batetik, Euskal Sagardoa lurraldeko tradizio eta kulturarekin estu lotuta dago. Bestetik, eredu ekologikoan ekoizteak ingurumenaren zaintza, lurraren osasuna eta emankortasuna eta maneiu organikoa erabili izana bermatzen ditu. Bi ezaugarri hauen uztartzeak sagardozaleei tokikotasunari eta ekologikoari lotutako balioez gozatzeko aukera ematen die.
Etorkizunean geroz eta Euskal Sagardo gehiago ekoiztuko dira ekologikoan, bertakoaren eta kalitatearen alde.
Euskal Sagardo ekologikoa ekoizten duten sagardotegiak: Txindurri Iturri, Ekain, Petritegi, Ola, Etxeberria, Gartziategi, Iparragirre, Iturrieta, Isastegi, Izeta, Oiharte eta Gurutzeta dira. Bestalde, aipatutakoekin batera sagardo ekologikoa egiten duten sagardotegiak: Unanue, Lizagasar, Arratzain, Bereziartua, Astigarragako Ozpinak, Zapiain eta Zalaia.
Txotx, Euskal Sagardo ekologikoaren alde!