Skip to main content

Martxan da Azoka Ekologikoen Ibilbidea

Ekimenaren helburua da elikadura ekologikoa bultzatzea eta agroekologiaren balioak ezagutaraztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko hamabi udalerritan antolatuko da aurten ere Azoka Ekologikoa. Ekimenaren helburua da elikagai ekologikoak herritarrengana hurbiltzea eta agroekologiaren printzipioak balioan jartzea.

Azoka ekologikoen ekimenari hasiera eman eta aurtengo egutegia aurkeztu da gaur, maiatzaren 30ean, Gasteizen. Ekimena Bionekazaritzak (Araba), Ekolur elkarteak (Bizkaia) eta Biolurrek (Gipuzkoa) aurkeztu dute, ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren babesarekin.Abuztutik urrira bitartean, Zigoitia, Zarautz, Zumaia, Donostia, Errenteria, Algorta, Zerain, Azpeitia, Mungia, Gasteiz, Durango eta Eibarko plazak topagune bihurtuko dira ekoizle eta kontsumitzaileen artean. Helburua argia da: azokei bultzada ematea, ikusgarritasuna handitzea eta lurraldeko ekoizpen ekologikoari duen garrantzia aitortzea.

Azokak ez dira bakarrik salerosketarako leku hutsak: tokiko ekoizleen lana agerian jartzeko ezinbesteko guneak dira, eta elikadura burujabetzaren bidean zuzeneko salmentaren garrantzia aldarrikatzeko balio dute. Aldi berean, landa eremua herrira hurbiltzeko aukera eskaintzen dute, eta herritarren eta ekoizleen arteko harremanak sortu, sendotu eta sareak ehuntzeko espazioak dira.

Azoka Ekologikoen Ibilbidea ekimen paregabea da gure lurraldeko elikagai ekologikoen aniztasuna eta kalitatea bertatik bertara ezagutzeko. Ingurumenarekiko errespetuz, animalien ongizatea bermatuz eta sintesi kimikoko produkturik erabili gabe ekoitzitako elikagaiak izango dira protagonista: barazkiak, arrautzak, mermeladak, sagardoa, ardoa, ogia…
Gainera, azoka hauek informazio-truke eta kontzientziazio gune ere badira. Bertan, herritarrek aukera dute jakiteko nork ekoizten dituen kontsumitzen dituzten elikagaiak, nola ekoizten diren eta inguruan produktu ekologikoak non eta nola eskuratu daitezkeen. Horrela, kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harreman zuzena sustatzen da, gardentasunean, konfiantzan eta gertutasunean oinarrituta.

Elikagai ekologikoak

Elikagai ekologikoak nekazaritza ekoizpen ekologikoko lursailetan sortutako elikagaiak dira. Freskoak zein eraldatuak izan daitezke, eta landare zein animalia jatorrikoak.
Ekoizpen eredu honek hainbat helburu ditu: kalitate handiko eta osasungarriak diren elikagaiak eskaintzea, lurzoruaren emankortasuna mantentzea, ingurumena babestea, eta animalien ongizatea eta duintasuna bermatzea.
Elikagai ekologikoak ekoizten dituzten etxalde eta enpresa ekologiko guztiei urtean behin bisita egiten zaie eta elikagaien jarraipena egiten da. Era honetan, Europar Batasunak ezarritako irizpideekin bat ekoiztu dela egiaztatzen du ENEEK-Ekolurrak. Elikagai ekologikoak Europar Batasuneko hosto berdea duten etiketen bidez identifikatzen dira.

Nekazaritza ekologikoaren hazkundea EAEn
2025ean Inskribatutako azalerak nabarmen egin du gora %43, guztira 18.167 hektarea, hau da, aurreko urtearekin alderatuta 5.478 Ha gehiago. Hazkunde hau batez ere larre eta mahasti azaleren igoerari zor zaio. Larreen kasuan, adibidez, 3.110 Ha mendi komunal eman dira altan lau udalerritan: Amezketan, Ataunen, Zaldibian eta Urduñan.
Une honetan, Euskadiko nekazaritza-lurren %9 dago ekologikoan ziurtatuta. Oraindik urrun ‘Baserritik Mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzetik, hau da: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatuak izatea, alegia. Edozein modutara, urte betean 2 puntu egin ditu gora.Eragileen erroldari dagokionez, iaz baino pixka bat gehiago hazi da %6, pandemia geroztik jaitsiera izan bazen ere aurtengo igoera aurretik zeuden hazkundetara hurbildu da. Guztira 813 eragile daude ekologikoan ziurtatuta, iaz baino 45 gehiago.

Zatoz plazara!
Azoken erronka nagusietako bat da herritarrak gerturatzea eta kontzientzia piztea. Antolatzaileen hitzetan, egunero egiten dugun erosketa bakoitza aukera bat da ingurumenaren zaintza, landa eremua eta elikagaiak ekoizten dituzten pertsonak babesteko, finean denon onura ekartzen duen ereduaren alde egiteko. Ekologikoak dena hobetzen duelako!
Zatoz plazara: ezagutu tokiko ekoizle ekologikoak, dastatu kalitatezko elikagaiak eta eman urrats bat elikadura ekologikoaren alde.

Ekologikoa, dena hobetzeko!

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu