Irailak 23, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna “EU Organic day” da
Egun hau Europa mailan ospatzen da, 2021 urtean Europako Parlamentuak, Batzordeak eta Europar Batasuneko Kontseiluak ofizialki abiarazi zutenetik. EU Organic day (berdin ekologikoa edo biologikoa).
Eguna aukera ideala da sektore ekologikoan ari garen ekoizle, elaborazio empresa, merkaturatzaile, elkarte, entitate publiko, kontsumitzaile eta gizarteak orokorrean, ospakizun egun bat izateko. Ospatzeko eta horrez gain , Europak 2030erako nekazal lurren % 25 ekologikoan lantzeko helburua lortzeko egin dituen aurrerapenak ebaluatzeko. Besteak beste, kontsumitzaileen eskaeraren tendentzia ebaluatzeko, hornikuntza-katean organikoki kontzientzia hartzen jarraitzeko, eta, azkenik, Europako etorkizun organikorako helburu berriak definitzeko aukera adierazten du egun honek.
Nekazaritza ekologikoaren egoera Euskadin
- Egun, Euskadin nekazaritza lurren % 5a ekologikoan ziurtatuta dago, Itun Berdeko erronka 2030erako lurren %25a ekologikoa izatea da.
- Guztira 2.600 elikagai desberdin daude eredu ekologikoan ziurtatuta Euskadin.
- Nekazaritza ekologikoak Garapen Jasangarriko Helburuen %50a baino gehiago betetzen ditu.
Une honetan, Euskadiko nekazaritza lurren % 5a ekologikoan ziurtatuta dago dagoeneko, oraindik urrun ‘Baserritik mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzeko: 2030ean lurren % 25a ekologikoa izatea. Hala ere, ekologikora bideratutako azalera ekoizpenen arabera aztertuta, ortularitza (% 19,20) eta frutagintza (% 21,05) Europak eskatutako % 25etik oso hurbil agertzen dira.
Nafarroan ziurtatutako nekazaritza-azalera ekologikoa Euskadikoa baino zerbait handiagoa da, 7%a hain zuzen ere. Hala ere, Kataluniaren (% 24,8), Andaluziaren (% 22) eta Valentziako Erkidegoaren (%20) eta Balear Uharteen (% 19,6) azalerarekin alderatuta oso atzetik gaudela ikus dezakegu.
Espainako estatuan orokorrean, nekazaritzako azalera erabilgarriaren %10a dago aipamen ekologikoaren ziurtatuta.
Europari dagokionez, lursailen %9,1a da ekologikoa. Itun Berdeko –baserritik mahaira- estrategiaren erronka Europako nekazal lurren azaleraren %25a ekologikoa izatea dela kontuan izanik bide honetan irmo jarraitu behar dugu. Dagoeneko erronka bete dutenen artean Austria dago (lursailen %26,4a ekologikoan izena emanda duelarik) eta erronka betetzetik gertu Estonia %23 rekin.
Nekazal lurren azaleraren %5eko ehunekoa handitzeaz gain, orain arte lortutakoari eustea da helburua.
2016tik gaur arte, ziurtatutako nekazaritza lurren azalera ia hirukoiztu egin da. 2022an Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikoari zuzendutako 1.237,28 hektarea berri ziurtatu zituen, Euskadiko nekazaritza lurren 9.104 hektarea okupatuz. Gipuzkoan, % 35eko igoerarekin, izan da lurren azaleraren igoera nabarmenena abeltzain handien izen emateagatik. Ondoren Araba, % 12ko hazkundearekin, eta Bizkaia (% 5) kokatzen dira. Bestalde, 144.13Ha eman ziren bajan.
2016tik inskribatutako eragileen bilakaerari erreparatuz gero, %8ko eta %5eko hazkundea izan da gainontzeko urteetan. 2022an aldiz, erroldak %1eko igoera izan du. Inoizko baxuena.
Lurraldeka, hazkundea handiagoa izan da Araban. Hala ere, eragile gehien Gipuzkoan daude oraindik. Eta Bizkaiko datuei dagokienez, %-2ko jaitsiera izan da.Mahastizaintza eta haragi-ekoizpena goraka doazen sektore gisa nabarmentzen dira. Baratzezaintzaren sektorea, aldiz, egonkortu egin da, nahiz eta Euskadin inskribatutako operadore ekologikoen erdiak baratzezainak diren.
Euskadin elikagai ekologikoen eskaintza zabala da
Guztira 2.600 elikagai desberdin daude eredu ekologikoan ziurtatuta, kategoria hauetan; haragia, barazkiak, esnekiak, ontziratuak, lekaleak, ogia eta gozogintza, olioa, ardoa, sagardoa, arrautzak… Eta beste elikagai berezi batzuk baita ere, horien artean, gatza, shiitake, kombucha eta pottoka haragia izendatu daitezke.
Nekazaritza ekologikoak Garapen Jasangarriko Helburuen (ODS) %50a baino gehiago betetzen ditu.
Ekoizpen ekologikoak garapen jasangarriko 17 helburuetatik 9 betetzen laguntzen du 848/2018 (EB) Arautegian jasotzen den bezala; goserik ez, osasuna eta ongizatea, ur garbia eta saneamendua, energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea, lan duina eta hazkunde ekonomikoa, Industria, berrikuntza eta azpiegitura, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, klimaren aldeko ekintza eta lehorreko ekosistemetako bizitza.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, “ENEEK-Ekolurra”
Kontseiluaren helburuen artean, elikadura ekologikoa balioan jartzea eta elikagai ekologikoen eskaintza bistaratzea daude, besteak beste. Elikagai ekologikoen ezagutza bultzatzea funtsezkoa da kontsumitzaileek elikagai ekologikoen hautu naturala egin dezaten. Xabier Lejarzegi, Kontseiluko zuzendariaren hitzetan: “Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) kontuan hartzea etorkizun hobea edo gutxienez ez okerragoa izateko gakoak dira. Ildo horretan, elikagaien sektoreak Europako Itun Berdean ezarritako erronkak aintzat hartu behar ditu, eta horrek esan nahi du ateak ireki behar zaizkiola nekazaritza-ekoizpen ekologikoari, kontseiluan erabiltzen dugun leloak argi eta garbi azaltzen baitu “Ekologikoa, dena hobetzeko”.”