Otsailaren 10etik 13ra Kontseiluko sei ortugileek Almeriara egin zuten bidaia bertako hainbat enpresa eta nekazari ezagutzeko. Horietako bat Patxikobaso baserriko Urdaspal Alberdi, 2018tik Kontseiluko juntako kidea, izan da. Kontseilutik funtsezkoa ikusten dugu Nekazaritza Ekologikoaren baitan egiten diren ekimen desberdinak eta irteerak babestea horregatik, bidaiaren antolaketan eta finantzazioan lagundu zitzaien.
Nola sortu zen bidaia hauek egiteko ideia?
2021ean Zornotzako Ibarra baserrian elkartu ginen hainbat baserritar genituen jakituriak gure artean partekatzeko asmoarekin. Ortugintza ekologikoan jende asko aritzen ginela eta antzeko kezkak genituela ikusi genuen. Gure artean hitz egiten gure lana hobetzeko gogoa piztu zitzaigun eta horrela hasi ginen gure arteko harremana sendotzen. Hainbat ikastaro eta hitzaldi antolatu genituen hasiera batean eta, 2021ean, lehenengo bidaia antolatu genuen Montpelliereko etxalde batzuk ezagutzera. Almeriako bidaia bigarrena izan da. Beharbada energia aldetik pixka bat apaldu gara, egunerokotasunean murgilduta ibiltzen garelako, baina bigarren bidaia hau egiteko aukera ikusi genuen eta batzuk behintzat animatu ginen.
Zergatik Almeria?
Zentzu askotan Almerian gauza asko ondo egiten ari dira eta horregatik zer ikasi zegoela pentsatu genuen. Hemen dauden nekazaritza ereduak eta han daudenak ezin dira konparatu, baina han egiten dutena gure baldintzetara egokitu genezakeela pentsatu genuen. Hori izan zen abiapuntua.
Eta zer topatu zenuten Almerian?
Ortugintzan lana nola egiten duten ikusteko aukera eduki genuen produkziora bideratutako bi negutegitan (bat ekologikoa eta bestea konbentzionala). Gero komertzializaziorako daukaten kooperatiba bat ere ikusi genuen. Komertzializazioa kooperatibaren bidez egiten dute batez ere eta gehiena esportaziora bideratzen dute. Beraientzat kooperatiba salmentarako puntu bat baino gehiago da, aholkularitza eman eta dituzten arazoei irtenbideak ematen laguntzen dietelako.
Badirudi Almerian plastikoa bakarrik dagoela, baina hainbat teknika interesgarri ere erakutsi zizkiguten, besteak beste, borroka biologikoaren inguruan. Kultiboaz gain, landare batzuk sartzen dituzte negutegietan polinizazioan lagunduko dieten intsektu auxiliarren presentzia bermatzeko. Beharbada, hemen ez da hain beharrezkoa normalean gure baserrietan intsektuen presentzia dugulako, baina hori nola hobetu dezakegun ikusi dugu. Nekazaritzarako erabilgarriak diren intsektu horiek hazten jarduten den enpresa bat ere ezagutu genuen. Han erlastarrak, negutegietan polinizazio lanetan laguntzeko, eta beste intsektuen kontrol lana egiten duten zomorroak hazten zituzten. Horrelakoak hemen gero eta gehiago erabiltzen ditugu, baina hemen loreak eta bioaniztasuna handituz lortu dezakegu intsektu lagungarri horiek gure etxeetan eta negutegietan edukitzea. Han hauek erosteko aukera ere dagoela ikusi genuen, produktu fitosanitarioen alternatiba gisa.
Ikusi zenuten guztiagatik zein gauza aplika daitezke hemen?
Kaltegarriak diren intsektuen aurkako borroka horretan beraiek erabiltzen dituzten estrategiak oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan eta hona ekartzeko modukoak. Hor badugu ikasteko. Komertzializazio aldetik ere, beraiek egiten duten lan hori gurera ekartzeko modukoa izan daitekeela uste dut. Ez dakit orain bertan posible den, baina zergatik ez etorkizun hurbil batean.
Eta alderantziz? Zeintzuk dira Almerian egiten ez direnak eta Euskadin bai?
Salmenta zuzena da beraiek egiten ez duten zerbait gurekin alderatuta. Han salmenta ereduak oso argi dituzte: kooperatibetara bideratzen dute haien produktua eta kooperatiben bitartez komertzializatzen dute. Normalean landare mota gutxi kultibatzen dituzte, baina kantitate handietan. Guk kontrako eredua daukagu. Salmenta zuzenera bideratuta gaude eta daukagun produktu gama oso handia da. Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, baina sasoiaz sasoi beti daukagu produktu gama bat eskaintzeko. Bertan ekologikoan aritzen direnak, urtean 4-5 kultibo egiten dituzte. Guk 40 inguru egiten dituguan gabiltza. Beste era batera lan egiten dugu non saldu nahi dugun baldintzatzen gaituelako. Guk salmenta zuzen hori egiteko ezin dugu produktu bakarra kultibatu, aukera zabalago bat behar dugu.
Zer da arreta gehien deitu dizuena?
Bidaiaren azkeneko bisita landareak ekoizten dituzten mintegi batera izan zen. Bertan ikusi genituen, nik behintzat lehenengo aldiz, injertaturiko meloiak, sandiak eta tomateak. Horren bitartez bilatzen dutena da landareak indar gehiagorekin haztea fruitu gehiago emateko eta gaixotasun batzuen aurrean erresistentzia handiagoa izateko. Guk gaixotasun horien aurka ez daukagu horrenbeste arazo ez dugulako beti landare mota bera kultibatzen, baina han kultiboak urtetik urtera errepikatzeak arazoak sor dakizkieke.
Zein ondorio atera dituzue bisitatik?
Beste nonbaiten lana nola egiten duten ikusteko ikustera zoazenean, bakoitzak bere ondorio txikiak ateratzen ditu. Nik ondorio nagusi bezala bidaia egin aurretik genuen premia eta motibazioa hartuko nuke. Nire ustez, garrantzitsua da beste leku batzuetan zer egiten den jakitea eta egiten dituzten horietatik ikastea. Pertsonalki baratzegintzatik gehien gustatzen zaidana etengabe ikasten nagoela da eta beti dudala hobetzeko aukera. Eta gainera, hori taldean egiten baduzu, benetan aberasgarria izan daiteke. Jarraitu beharreko bidea dela uste dut.
Beste nekazariak animatuko zenituzke horrelako bidaiak egitera?
Bai, guztiz. Badakit askotan zaila dela gure egunerokotasunean lan karga handia daukagulako eta zaila delako hori alde batera uztea horrelako bidaia bat egiteko. Baina oso aberasgarria da, ez bakarrik ateratzen den ikasketagatik, baizik eta Euskal Herriko nekazariekin daukazun harremana sendotzeko aukera ere eskaintzen duelako. Orain zalantzaren bat dudanean, erraztasuna eta konfiantza daukat bidaiara etorri ziren pertsona horiei galdetzeko. Eta hori ere oso garrantzitsua da taldeak indartzen gaituelako. Argi dago energia jarri behar dela horrelako ekimenak egiteko, baina trukean asko jasotzen dugu ere.