Skip to main content
EkoberriakEkoizpen ekologikoa

Ekoizpen ekologikoari buruzko erakusketa ibiltaria eskainiko du Kontseiluak

By 10 ekaina, 20219 azaroa, 2021No Comments

Ekoizpen ekologikoari buruzko erakusketa ibiltaria eskainiko du Kontseiluak

Garrantzitsua da definizio bakoitzaren atzean zer dagoen ulertzea

Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da! izeneko erakusketa ibiltaria prestatu du Kontseiluak. Erakusketa honen bidez, elikadura ekologikoaren onurak azpimarratzeaz gain, ekoizpen ekologikoaren inguruko hainbat datu eta informazio zabaldu nahi dira. Azpimarragarria da, esaterako, azkeneko hogei urtean ekoizle eta hektarea kopuruan izandako bilakaera, 2001ean 61 ekoizle eta 373 ha izatetik, 2021ean 515 ekoizle eta 7.420 ha izatera aldatu baita. Hala ere, ekoizpen ekologikoak gizartearen onespena duen arren, gutxiengoa izaten jarraitzen du, eta autonomia erkidegoan, guztira, nekazaritzako lurren % 4,00 da ekologikoan lantzen dena. Kontuan izan behar da, 2030erako % 25era iristea litzatekeela helburua. Hortaz, garrantzitsua da Kontseiluarentzat azalpenak, arrazoiak eta prozedurak ondo definitu eta jendeak ondo ulertzea.

Erakusketa honetan, gainera, elikagai ekologikoak zer diren zehaztu nahi da, eta ekologikoak hautatzeko arrazoiak eskaintzen dira. Elikagai ekologikoen onurak azpimarratzen dira beste panel batean: elikagarriagoak dira, ekoizten diren tokian ingurumena hobetzen dute, arreta eta osasun printzipioak dira nagusi, garbi daude, gure planeta zaintzen dute, benetako tokiko elikagaiak dira eta konfiantzazkoak. Eredua ekologikoa izateak abeltzaintzan dituen onurak ere garrantzitsuak dira; izan ere, ez dago animalien ongizate maila altuagoa duen abeltzaintza sistemarik, eta berori da karbono aztarna txikiena uzten duen ekoizpen sistema, besteak beste.

Ibiltaria

Erakusketa ibiltaria izango da, ikastegi, kultur-zentro eta abarretan aurkeztuko da eta jendeari, kontsumitzaileei, informazioa modu erraz eta ikusgarrian eskaintzeko modu bat da. Erakusketa hau bere zentro, ikastegi, elkarte edo erakundearen egoitzan ipini nahi duenak Kontseiluarekin harremanetan jarri behar du 663234509 telefono zenbakiaren edo sustatu@ekolurra.eus helbide elektronikoaren bidez.

Admin

Author Admin

More posts by Admin