Skip to main content
  • Baratzezaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa integrala eta objektiboa egin da sortutako ezagutza hau baliatuz ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala garatzeko.

  • Ondorioak ezagutzera emateko “Ekoizpen Duina, kontsumo herrikoia” lelopean kanpaina  abiatuko da, eta lehen pausu bezala Gipuzkoako eskualde ezberdinetan eta Durangon aurkeztu dira ikerketa proiektuaren emaitzak.

Amorebieta-Etxano 2022ko irailaran 27. Atzo, irailaren 27an, DUINA ikerketaren ondorio orokorren aurkezpena izan zen Kontseiluan. Ikerketa proiektua Biolur elkarteak UPV/EHUrekin batera bideratu du eta laguntzaile izan ditu Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

Duina proiektua 2020 urteko ekainaren 18an aurkeztu ea bi urtez iraun duen proiektuan, Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 baratza proiektuen azterketa izan da. Bertan, laboreen ekoizpen kostuak, soldatak, lan orduak, prezio duinak, eta orohar nekazal proiektuen duintasun ekonomiko eta sozialerako hainbat datutan sakondu da.

Aurkezpenaren helburua ikerketaren emaitza orokorrak partekatzea izan da, BIOLUR ELKARTEAREN hitzetan jasotako ondorioak,“oso garrantzitsuak dira sektorean eta herritarrengan duten inplikazio sozioekonomikoagatik”.

Datuen ondorioak entzutera 40 pertsona inguru gerturatu ziren, BIOLUR ELKARTEAK datuak eman ostean solasaldi bat zabaldu zen, eta bertan, sektoreak ondorio hauen aurrean hartu beharreko jarrera eta irtenbide ezberdinak mahai gaineratu ziren. Aurkezpenari amaiera emateko, Amillenak prestatutako mokadutsoaz gozatu zen solasaldiari jarraipena emanez.

Duina ikerketan parte hartutako bi ekoizleen iritziz, “ikerketa honetan parte hartzea erronka handia izan da, lanari lana gehitzea”. Baina argi utzi zuten merezi izan duela, “astuna izan da ikerketaren datu bilketa fasea, buztintsua gure lurrak bezala, baina merezi izan du”.

Ikerketa honi esker, Baratzezaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa integrala eta objektiboa landu ahal izan da. Sortutako ezagutza honetaz baliatuta BIOLUR ELKARTEAK espero du, “ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala garatzeko urratsak ematea bai arlo instituzionaletik bai eta arlo sozioekonomikotik”.

2030.urterako Europar Batasuneko lurren %25a ekologikoa izan behar du. Gaur egun %4,6a da. Erronka hori jomuga izanda “ezinbestekoa da baserritarren bizitzak duintzea” adierazi zuen BIOLUR ELKARTEAK.

Ondorioak jendarteratzeko “Ekoizpen Duina, kontsumo herrikoia” lelopean komunikazio kanpaina bat abiaraziko da. Gipuzkoako eskualde ezberdinetan eta Durangaldean:

  • Urriak 6 Bergara, 18:30 etan IRIZAR ARETOA
  • URRIAK 13 Tolosa, 19:00 etan ZERKAUSIA
  • URRIAK 20 Azpeitia, 19:00etan  ELIKAGUNEA
  • URRIAK 27, Durango, 17:30etan ETARTIE
  • AZAROAK 3, Lazkao, 19:00etan BIZIOLA
  • AZAROAK 8, Zizurkil, FRAISORO, 12:00etan  Saio teknikoa
  • AZAROAK 10, Oiartzun, 19:00etan LABORE OARSO

Ikerketaren ondorioak laster izango dira eskuragarri Biolur elkartearen webgunean eta Kontseiluaren webgunean.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu