Skip to main content
Ekoberriak

Azoka ekologikoa Errenteriako Gamon zumardian

By 10 iraila, 20219 azaroa, 2021No Comments

Azoka ekologikoa Errenteriako Gamon zumardian

Larunbat honetan, goizeko 10:00etatik 14:00etara Errenteriako Gamon zumardian

Larunbatean, irailak 11, azoka ekologikoa izango da Errenteriako Gamon Zumardian. Azoka hau Biolur Elkarteak, Errenteriako Udalak, Errenteria Eko Aktiboak eta Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren babesarekin. Aurten zazpigarren edizioa du azoka honek eta honako honetan, 16 bat ekoizle bilduko dira beren produktu fresko, tokiko, sasoiko, osasungarri eta ekologikoekin: barazkiak, gatza, gazta, ogia, marmeladak, kontserbak, fruta eta pasta.

Antolatzaileen esanetan, «halako ekimenak aukera aparta izaten dira elikagai ekologikoak zuzenean aukeratzeko eta ekoizleekin zuzeneko harremana izateko. Gero eta aukera gehiago dago ekoizle gehiago ari direlako eredu ekologikora batzen, eta hori poztekoa da».

«Guk ez dugu denbora askorik azokatan parte hartzeko, obradorean lan egiten dugulako eta salmenta puntu propioa dugulako, baina ekoizle askorentzat oso garrantzitsuak dira halako topaguneak; azkenean, gure helburuetako bat gertuko harreman horizontal eta parekideak eraikitzea ere bada» dio Naiarak, Zituene pasta obradore kooperatiboko kideak.

Bestalde, Biolur Elkarteak bazkidetza kanpaina abiatu du, «ekoizleak eta herritarrak eskutik joan behar direlako ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren bidean, eta beraz elkartera herritar gehiago batzea nahiko genuke», azaldu dute.

Admin

Author Admin

More posts by Admin