Udako Azoka Ekologikoak bueltan dira: Elikagai ekologikoak plazara!
12 herri eta helburu bat: elikagai ekologikoak herritarrengana gerturatzea eta agroekologiaren balioak plazaratzea.
Uda honetan, gure lurraldeko kale eta plazak kolorez, zaporez eta konpromezuz jantziko dira, Udako Azoka Ekologikoen eskutik. 12 herritan egingo dira azoka berezi hauek, helburu nagusi batekin: elikagai ekologikoak herritarrengana gerturatzea eta agroekologiaren balioak plazaratzea.
Aurtengo udan, berriz ere, elikadura ekologikoaren aldeko topagune bihurtuko dira hainbat herritako plazak. Elikagai ekologikoen ekoizleek eta kontsumitzaileek bat egingo dute, abuztutik urrira bitartean ospatuko diren azoka ekologikoetan: Zigoitia, Zarautz, Zumaia, Donostia, Errenteria, Algorta, Zerain, Azpeitia, Mungia, Gasteiz, Durango eta Eibar.
Eskaintza ez da soilik postuetan bukatzen: aurten, hainbat herritan sukaldaritza saioak, dastaketak eta elikagai ekologikoen inguruko erreketak egingo dira. Helburua argia da: herritarrak gerturatzea, jakin-mina piztea eta kontsumo ekologikorako pausoak erraztea.
Azokak Bionekazaritza (Araba), Ekolur (Bizkaia), Biolur (Gipuzkoa) eta Marisatsa elkarteek antolatzen dituzte, ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzarekin eta udalerri bakoitzeko udalen zein kontsumo taldeen parte-hartzearekin.
Azoka hauek ez dira soilik salmenta-guneak: funtsezko espazioak dira tokiko ekoizle txikien lana ikusarazteko, elikadura burujabetzara bidean, herriko kaleetan zuzeneko salmentarako gunea aldarrikatzeko, landa eremua kalera gerturatzeko eta herritar eta ekoizleen arteko harremanak eraiki eta saretzeko.
Aniztasuna eta kalitatea, plazan
Udako Azoka Ekologikoak aukera paregabea dira gure lurraldeko elikagai ekologikoen aniztasuna eta kalitatea ezagutzeko. Ingurumenarekiko errespetuz eta intsumo kimikorik gabe ekoitzitako produktuak izango dira protagonista. Elikagai hauek Europar Batasuneko hosto berdea duten etiketen bidez identifika daitezke.
Elkarte antolatzaileen arabera,”elikagai ekologikoen kontsumoa eguneroko praktika bihurtzea gakoa da, eta horretarako, azoka hauek funtsezko topagune dira herritarrak informatzeko eta kontzientziatzeko”.
Nekazaritza ekologikoaren hazkundea EAEn
2024an, ziurtatutako azalera ekologikoa %18 hazi da Euskadin, guztira 12.689 hektareara iritsiz. Gaur egun, nekazaritza-lurren %6,7 ekologikoan ziurtatuta dago, nahiz eta oraindik urrun egon 2030erako EBren helburuetatik (%25).
Azaleraren hazkundea batez ere larre eta mahasti eremuetan izan da. Gipuzkoan izan da igoera handiena (%32), baina Araba da oraindik lurralde nagusia, 6.579 hektarearekin. Ekoizleen kopurua ere %4 hazi da, eta dagoeneko 786 profesional ari dira ekologikoan ziurtatuta.
Zatoz plazara: ezagutu, dastatu eta parte hartu!
Azoken erronka nagusietako bat da herritarrak gerturatzea eta kontzientzia piztea. Antolatzaileen hitzetan, “egunero egiten dugun erosketa bakoitza aukera bat da ingurumena zaintzeko eta landa-eremuaren eta gure ekoizleen alde egiteko”.
Zatoz plazara! ezagutu tokiko ekoizle ekologikoak, dastatu kalitatezko elikagaiak eta eman urrats bat elikadura ekologikoaren alde.
Ekologikoa, dena hobetzeko!