Skip to main content
EkoberriakEkoizpen ekologikoaElikadura ekologikoa

Donostian eta Elorrion azoka ekologikoak asteburuan

By 3 iraila, 20219 azaroa, 2021No Comments

Donostian eta Elorrion azoka ekologikoak asteburuan

Asteburu honetan, larunbat eta igandean, produktu ekologikoak eskuratzeko aukera izango da Donostian eta Elorrion

Irailaren 4an, larunbata, azoka ekologikoaren hogeigarren edizioa beteko da Donostiako Boulevard zumardian. Azoka Biolur Elkarteak eta Landaola, Landa Garapeneko Elkarteen Federazioak antolatu dute, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesarekin. Urtero, udan antolatzen den azoka honetara 20 bat ekoizle bilduko dira larunbateko edizioan, eta produktu fresko, tokiko, sasoiko, osasungarri eta ekologikoak eskainiko dituzte. Antolatzaile saiatzen dira Udalak utzitako espazioan ahalik eta produktu gehien eskaintzen, eta aurten sasoiko barazkiak, pasta, txerrikiak, olioa, marmeladak, ogia, gozoak, eztia, gazta, kontserbak, ardoa, baratxuriak, lekaleak, haziak eta arropa aurkituko ditugu bertan.

Antolatzaileen esanetan, «halako ekimenak aukera aparta izaten dira elikagai ekologikoak zuzenean aukeratzeko eta ekoizleekin zuzeneko harremana izateko. Gero eta aukera gehiago dago ekoizle gehiago ari direlako eredu ekologikora batzen, eta hori poztekoa da».

Bestalde, Biolur Elkarteak bazkidetza kanpaina abiatu du, «ekoizleak eta herritarrak eskutik joan behar direlako ekoizpen eta kontsumo arduratsuaren bidean, eta beraz elkartera herritar gehiago batzea nahiko genuke», azaldu dute.

Igandean, Elorrion, erakusketa ibiltariarekin batera

Irailaren 5ean, Ferixa Nagusikoaren baitan, Elorrioko Udalak antolatutako abeltzainen eta nekazarien Ferixa Nagusiaren baitan, beren produktu ekologikoekin parte hartuko dute Nekazaritza eta Elikagai Ekologikoaren Kontseiluko 7 bat kidek: Artizar baserria, Pulla baserria, Etxetxiki ortuariak, Biezko baserria, Otzein baserria, Patxikobaso baserria, Belaze baserria. Elorrioko Udalak herriguneko aparkalekuaren zati bat egokituko du parte hartuko duten 20 postu inguru kokatzeko, eta Kontseiluak dagokion espazioan erakusketa-gune bat ipiniko du. Haren inguruan antolatuko dira produktu ekologikoak eskaintzen dituzten postuak.

Azoka hauek eskaintzen duten aukeragatik ez ezik, nekazaritza eta elikagai ekologikoei buruzko informazioa jasotzeko ere oso garrantzitsua da. Horren harira, Xabier Lejarzegi, Kontseiluaren zuzendariak honako hau azaldu du: «ezinbestekoa iruditzen zaigu pertsonak ondo informatuta egotea, zenbat eta informazio gehiago izan orduan eta erabaki hobeak hartuko ditugu. Hautu baten goraldiak ezin dira moda kontuak izan, eta jendeak argi eduki behar du nekazaritza-ekoizpen ekologikoarekin dena hobetzen dela eta hori zergatik gertatzen den, informazio puntuak kokatuz, informazio hori argitzen lagundu nahi dugu».

 

Admin

Author Admin

More posts by Admin