Espainiak Europar Batasuneko lider izaten jarraitzen du nekazaritza ekologikoaren azalerari dagokionez
MAPAk 2025ko ekoizpen ekologikoari buruzko estatistikak argitaratu ditu, Espainiako sektorearen bilakaera azaleratuz.
Espainiak Europako erreferente izaten jarraitzen du nekazaritza ekologikoan, Europar Batasuneko herrialdeen artean ekoizpen mota horretara bideratutako azalera handiena duen herrialdea da. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak azaroaren 20an argitaratutako datuen arabera, herrialdeak ia hiru milioi hektarea ditu ekoizpen ekologikora bideratuta.
Zehazki, Espainiak 2.986.824 hektarea ditu ekoizpen ekologikora bideratuta, aurreko urtearekin alderatuta % 1,4ko hazkundea izan ondoren. Azalera horrek herrialdeko nekazaritza-azalera osoaren % 13,4 hartzen du. Dena den, oraindik badago aurrera egiteko tartea, Europar Batasunak, Baserritik Mahaira estrategiaren barruan, 2030erako nekazaritza-azalera osoaren gutxienez % 25 ekoizpen ekologikora bideratzea ezarri baitu helburu. Hortaz, Espainiak aurrerapausoak eman dituen arren, oraindik bide luzea du Europako helburua lortzeko.
Autonomia-erkidegoei dagokienez, Andaluzia da ekoizpen ekologikora bideratutako azalera handiena duen erkidegoa, Espainiako azalera ekologiko osoaren % 45 inguru biltzen baitu. Atzetik Gaztela-Mantxa dago, gutxi gorabehera % 17rekin. Bi erkidego horien lurralde-azalera handiak ere eragina du datu horietan. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 13. postuan dago azalera ekologiko osoaren arabera, baina aurrera egiten jarraitzen du. 2025ean, 18.167 hektarea zituen ziurtatuta, hau da, EAEko nekazaritza-azalera erabilgarriaren % 9 inguru.
Laboreei dagokienez, belar-laboreen eta larre iraunkorren hazkundea nabarmentzen da. Gainera, Espainiak nazioartean posizio nabarmena du oliben, mahatsaren eta zitrikoen ekoizpen ekologikoan.
MAPAko datuen arabera, abeltzaintza-sektoreak ere bilakaera positiboa izan du, abere ekologikoen kopurua % 7,7 handitu baita aurreko urtearekin alderatuta. Hala ere, akuikultura ekologikoak beherakada nabarmena izan du. Aipatzekoa da sektore guztiek ez dutela bilakaera positiboa izan, eta oraindik badagoela erronka horiei aurre egiteko eta ekoizpen ekologikoaren garapena sustatzen jarraitzeko tartea.
Argitaratutako datuek agerian uzten dute Espainian ekoizpen ekologikoak goranzko bilakaera izaten jarraitzen duela. Eredu horrek baliabide naturalen erabilera arduratsua sustatzen du, lurzoruaren eta uraren kalitatea zaintzen laguntzen du, eta biodibertsitatearen babesa eta ekosistemen oreka bultzatzen ditu. Horrez gain, ekoizpen ekologikoak tokiko ekoizpena eta landa-eremuetako jarduera ekonomikoa indartzeko aukera eskaintzen du, elikagaien ekoizpenean ingurumen-irizpideak lehenetsiz.
Iturria eta informazio gehiago: Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa.


