Skip to main content

Mendi lurren kudeaketa abeltzaintza eredu ekologikoarekin bateragarria izateko urratsa eman dute lau euskal udalerrik

Gaur, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Egunean, Amezketak, Ataunek, Zaldibiak eta Urduñak haien mendi lurrak nekazal ekoizpen ekologikoan ziurtatuko dituztela jendarteratu dute.

Amezketa plazan egin da agerraldia, eta bertan parte hartu dute Amezketako, Ataungo, Zaldibiako eta Urduñako ordezkariek: Mikel Arteaga, Ioritz Berra, Ion Fontenla eta Iker Santocildes; baita Judit Gartziak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko lehendakariak; eta Uxue Artolak abeltzain ekologikoak.
Udalerri hauek elikagai ekologikoen ekoizpen Europako etiketatze araudia (EB 848/2018) betetzeko kompromezua hartu dute, eta horrela, abereentzako larre eremuak eta baso-bilketa guneak nekazal ekoizpen ekologikoaren printzipioen arabera kudeatuko direla bermatuko da aurreratzean. Horrela, bertan lortutako ekoizpenek europako nekazaritza ekologikoaren zigilu ofiziala eraman ahal izango dute.

Guztira 3.198 hektareako mendi eremuaren kudeaketa ziurtatzeko prozesuari ekingo diote lau udalerriek; Amezketak 253 ha, Ataunek 1.762 ha, Zaldibia 283 ha eta Urduñak 900 ha. Eremu honetako larreen azalerak nabarmen igoko du EAE mailan nekazal ekoizpen eredu honetara bideratutako lurren azalera.

Orain arte mendi lur eremu hauetan historikoki egin den kudeaketak araudi ekologikoan ezarritako eskakizunak neurri handi batean betetzen zituen, beraz, urrats honek ez ditu aldaketa asko suposatzen: abere-zama egokia izatea, sintesi kimikoko produkturik ez erabiltzea eremu horretan, abereen ongizatea bermatzea eta abereak aldiro ondo identifikatuta egotea dira indarra hartzen duten irizpideak.

Larreak eredu ekologikoan ziurtatzeak abeltzaintza ekologikoan dabiltzan abeltzainei larre horiek erabiltzeko segurtasuna eta bermea emango die. Gainera, larreek araudia betetzen dutela ziurtatuta egongo da aldez aurretik, eta horrela abeltzainak ez du urtero, abereak mendi komunaletara igo aurretik, mendiaren administratzailearekin hau konprobatzen eta dokumentatzen ibili beharrik izango.

Garrantzitsua da aipatzea ere, ekozipen eredu ekologikoan ez dauden abeltzainek ez dutela inongo arazorik izango mendi lur hauek erabiltzen jarraitzeko orain arte bezala.
Larre horien maneiuak europar ziurtagiri ekologikoa izanda baso bilketan lortutako elikagaiak ekoetiketarekin merkaturatzeko aukera zabaltzen da.

Larre ekologikoen onurak lurra eta landa eremuentzako
Mendi-lurrak eredu ekologikoan ziurtatzeak konpromiso tekniko zehatzak betetzea eskatzen du, hala nola lurzoruaren bizitza, emankortasuna eta biodibertsitatea mantendu eta hobetzea, materia organikoaren galera eta higadura prebenitzea, eta baliabide naturalen erabilera arduratsua sustatzea. Horrez gain, sintesiko produktu kimikoen erabilera guztiz debekatuta dago, eta larreetan ager daitezkeen izurrite zein gaixotasunei aurre egiteko prebentziozko praktika kulturalak lehenetsi behar dira. Paisaia naturaleko elementuak kontserbatu behar dira, eta berriztagarriak ez diren baliabideen eta kanpoko baliabideen erabilera ahalik eta gehien murriztu. Baso-bilketa egiten denean, ekintza horrek ez dio habitat naturalaren egonkortasunari edo inguruko espezieen biziraupenari eragin behar; honekin bermatzeko, gai horretako aditu batek edo erakunde independenteak prestaturiko us􀆟apen-plan zehatza aurkeztu beharko da. Halaber, larreen erabilerari buruzko erregistro zehatzak jasoko dira, jardueraren jarraipena eta gardentasuna ziurtatzeko.

Neurri hauek betetzeak landa-eremuan onura handiak ekarriko ditu, ingurumenaren zaintza eta abeltzaintza ekologikoaren sustapena bultzatuz. Baldintza tekniko horiek betetzen direla ENEEK-Ekolurra Kontseiluak ziurtatu eta bermatuko du.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
ekolurra
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.