Skip to main content

“Lurzorua” hezkuntza programak ikasturte berri bati ekin dio

4.000 ikasle baino gehiago trebatu dituen egitasmoak, lurraren garrantziaz eta ekoizpen-eredu jasangarriez sentsibilizatzen jarraitzen du

 

2017an sortu zen “Lurzorua” hezkuntza programa Amorebieta-Etxanon, baratza eta ortugintza ekologikoa oinarri hartuta, ikasleen artean ingurumenarekiko kontzientzia sustatzeko helburuarekin. Urtez urte garatzen joan den egitasmoak beste ikasturte bati ekin dio.

ENEEK-Ekolurraren ekimenez sortua Amorebieta-Etxanoko Udalarekin elkarlanean, “Lurzorua” programaren bidez nekazaritza ekologikoaren bi helburu nagusi helarazten dira: etorkizunerako lur emankorra mantentzearen garrantzia, eta elikagaiak ingurumena zainduz ekoiztearen onurak. Gainera, ikasketa-prozesuan eskola-baratza bezalako espazioak baliatzeari arreta berezia ematen zaio.

Proiektuaren abiapuntuan Neiker-Teknaliako Mikrobiologia eta Edafologia Departamentuaren ekarpen zien􀆟fikoa dago, eta bertako adituek Nekazaritza Ekosistemen Osasun Txartelak egokitzen lagundu zuten ikasleen erabilerarako.

Ikaskuntza esperientzia praktiko eta parte-hartzailea

Jarduera ENEEK-Ekolurraren egoitzan hasten da, Amorebieta-Etxanoko Jauregibarria baserrian, ikasle-taldearen harrerarekin eta nekazaritza ekologikoaren aurkezpenarekin. Ondoren, baratze profesional batera joaten dira, Ibarra baserrira, non lur-laginak hartzen dituzten eta zenbait froga praktiko egiten dituzten. Aldi berean, tokiko nekazari ekologiko baten gidaritzapean, ortugintzaren eguneroko errutinak ezagutzeko aukera izaten dute, eta lurraren osasunean eragina duten faktore desberdinak identifikatzen ikasten dute.

Bisitaren ostean, taldea ENEEK-Ekolurraren egoitzara itzultzen da, non ikus-entzunezko baliabideak eta gune interaktiboak erabiltzen dituzten nekazaritza ekologikoaren oinarriak ulertzeko. Lur-laginaren laborategiko analisia ere bertan egiten da, aurrez jasotako datuak osatuz eta ondorioak ateraz. Azkenik, egunean zehar jasotako informazio guztia txosten batean bildu eta ikastetxera eramaten dute ikasleek.

Lurra, baliabide didaktiko gisa

“Lurzorua” programak ikasgelatik haratago doan ikuspegi pedagogikoa eskaintzen du: lurra ez da soilik bizitzaren oinarri, baizik eta ikaskuntza integralerako tresna. Biologia, geologia, matematika, fisika, nutrizioa eta baita etnografia ere lantzen dira jardueren bidez, ikuspegi diziplina anitzeko batetik.

Gainera, ikasleak ohartzen dira lur emankorra baliabide mugatua eta ez berriztagarria dela. FAOren arabera, Lurreko azalera osoaren %6,25 bakarrik da erraztasunez landu daitekeen lur emankorra. Gainerako azalera ozeanoek (%75), lurzoru lehorrek (%25), poloek, basamortuek (%12,5), lur lauak (%12,5) eta lurzoru harritsu, urri edo hezeek (%6,25) osatzen dute. Horrek esan nahi du nekazaritzarako erabil daitekeen lurzoru emankorra oso mugatua dela, eta, gainera, lur mota hori bera behar dela eraikinak, etxebizitzak, errepideak edo eskolak egiteko. Hori dela eta, ikasleek ulertzen dute lurzoruaren erabilera arduratsua eta jasangarria funtsezkoa dela etorkizun emankor baterako.

Hezkuntza-programaren arrakasta

Hasiera batean Amorebieta-Etxanoko ikastetxeei soilik zuzendua bazen ere, lehen urteko arrakastaren ostean Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu zen. Ordutik hona, 4.000 ikasletik gora igaro dira programatik, eta hezkuntza-komunitatearen erantzuna “oso positiboa” izan dela diote antolatzaileek.

Ikastetxeek eskola-baratza edukitzea gomendagarria da programan parte hartzeko, baina ez da ezinbestekoa, eta urtez urte gero eta zentro gehiagok egiten dute bat ekimenarekin.

ENEEK-Ekolurrako komunikazio-teknikariak nabarmendu duenez, eskola-komunitatea “lehentasunezko kolektiboa” da elikadura ekologikoaren inguruko informazioa zabaltzeko, izan ere, gaurko ikasleak biharko ekoizle eta kontsumitzaileak izango dira.

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
ekolurra
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.