Skip to main content

Gida berri batek erraztuko die udalei euren mendi-lurretako larreak ekologikoan ziurtatzea

Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK-Ekolurra) gida praktiko bat prestatu du, eta horrek erraztuko die EAEko udalei eta kontzejuei euren mendi-lurretako larreak ekologiko gisa ziurtatzeko prozesua. Neurri honek aurrerapauso garrantzitsua dakar abeltzain eta ekoizle ekologikoentzat, izan ere, lur horiek Europako araudi ekologikoaren babespean erabiltzea ahalbidetzen du, berme handiagoekin eta karga administratibo txikiagoarekin.

Kontseiluaren beraren ekimenez sortu da gida hau, zenbait udalerrik beren mendi-lurretako larreak ziurtatzeko duten interesa jaso ondoren. Legeria indarrean zegoen jada —zehazki, 2018/848 (EB) Erregelamendua—, baina orain arte ez da garatu araudi hori EAEko landa-eremu askotan ohikoak diren herri lurretan nola aplikatu behar den argi eta garbi azaltzen zuen tresna espezifikorik.

Zer aldatzen da ziurtagiri honekin?

Herri-lurra eredu ekologikoan ziurtatuta dagoenean, ofizialki ekoizpen ekologikoaren sisteman sartuko da. Horrek esan nahi du, ekologikoan lan egiten duten abeltzainek, larre horiek araudia betez erabil ditzaketela, baina erregistratu gabeko lursail bat erabiltzeak zekarren dokumentu-karga hartu behar izan gabe.

Praktikan, ez da beharrezkoa izango urtero justifikatzea lurraren erabilerak araudia betetzen duela, ezta titularrekin aldi baterako akordioak sinatzea ere. Lursaila ekologikoan inskribatuta dago jada, eta erakunde eskudunak ziurtatuta.

Garrantzitsua da aipatzea ere, ekologiko araubidetik kanpo dauden abeltzainek ez dutela inongo arazorik izango ekologikoan ziurtatuta dauden mendi-lurretako larreak aldi berean erabiltzeko.

Onura zuzenak erabiltzaileentzat:

  • Tramite gutxiago eta segurtasun handiagoa: ez da urtero ziurtagiririk aurkeztu edo dokumentuak kudeatu beharrik izango, mendi lurra dagoeneko ziurtatuta dagoelako. ENEEK-Ekolurrak lurraren ziurtagiria emana du, eta erabilera ekologikoa ofizialki aitortua izan da.
  • Larreen erabilera legezkoa eta bermatua: ekologiko gisa inskribatutako mendi-lurra ofizialki errekonozitua izan da, eta horrek erabiltzailearen plangintza errazten du eta administrazio-gatazkak saihesten ditu.
  • Basoko produktuen merkaturatze ekologikoa: perretxikoak, fruituak edo mendiko landareak bilduz gero, ekologiko gisa etiketatu ahal izango dira betiere aprobetxamendu-plan bat onartuta badago. Honek aukera berriak irekitzen ditu mendiko produktuen balio erantsia handitzeko.
  • Produkzio-ingurune jasangarriago eta arautuago baterako sarbidea: ingurune kontrolatu batean lan egingo da, ingurumena errespetatzen duten jardunbideekin. Besteak beste, lursail hauetan: ez dira erabiltzen herbizidak edo baimendu gabeko produktu kimikorik ere; ekoizpen ekologikoan baimendutako produktu fitosanitarioak bakarrik erabiltzen dira; abere-karga kontrolatua dute (gehienez 170 kg nitrogeno organiko hektarea eta urteko); biodibertsitatea eta baliabide naturalak errespetatuz kudeatzen dira.

Ekologikoan ekoizten dutenentzat eredu bidezkoagoa

Mendi lurrak Europako sistema ekologikoaren baitan ziurtatzea tresna legal eta praktiko bat da: burokrazia oztopoak ezabatzen ditu, segurtasun juridikoa eskaintzen du eta abeltzainen lanaren balio ekologikoa indartzen du.

Urteetan zehar, abeltzain ekologiko askok mendi-lurretako larreetan lan egin duzue, baina ziurtagiri ekologikoan era-bat integratu ezinik, kudeaketa zailduz eta etengabeko justifikazioak eskatuz. Bide berri honekin, arazo hori konponduta geratzen da: lurra sisteman ofizialki integratuta geratzen da, abeltzainaren aldetik beste prozesurik egin beharrik gabe.

ENEEK-Ekolurrak prestatutako gida praktikoak zehaztasunez azaltzen ditu Udalek edo Kontzejuek mendi lurrak ziurtatzeko jarraitu beharreko urrats guztiak. Gida jadanik eskuragarri dago publiko ororentzat Kontseiluaren web-gune ofizialean.

📄 Kontsultatu gida osoa hemen: mendi komunalak ekologikoan ziurtatzeko gida

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
ekolurra
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.