Skip to main content

Agroekologiaren aldeko saioek interesa piztu dute, eta otsailean jarraipena izango dute

Elkarlan sendo baten lehen fruituak

Irailetik urrira bitartean, Kontseiluak eta EHKOlektiboak elkarlanean antolatutako hiru saio izan dira, helburu argiarekin: nekazaritza ekologikoa eta agroekologia zer diren argitzea. Topaketa hauek gaur egun oso nahasia den kontzeptu-eremua argitzeko ere balio izan dute.

Saioen xedea izan da hurbildutakoek, laborari, dendari, herritar etab., argi izatea elikagaien merkataritzan ohikoak diren izendapenen atzean zer dagoen. Balioan jartzea arautua eta babestuta dagoen ekoetiketa ofiziala, (ekologiko, biologiko, eta organiko), eta irizpide agroekologikoak gehitzen dituen EHKOlektiboa ezagutzea. Aldiz, jabetzea beste izendapen asko antzuak, edota engainagarriak izan daitezkeela, naturala, jasangarria, birsortzailea, bertakoa, sasoikoa, km0, etab.

Elkarlanaren lehen saioak Amorebieta-Etxanon (Irailak 25), Azpeitian (Urriak 2) eta Gasteizen (Urriak 9) egin ziren. Bertaratutakoek jakin-min handia erakutsi zuten eta parte-hartze aktiboa nabarmendu zen. Ekoizleak eta preskriptoreak izan ziren nagusi: kontsumo taldeetako kideak, dendetako langileak eta sektoreko eragileak gerturatu ziren, eta guztiek azpimarratu zuten halako espazioen beharra.

Saioetan, parte-hartzaileek araudi ekologikoa eta agroekologiaren irizpideak ezagutzeko aukera izan zuten, eta nekazaritza ekologikoaren eta agroekologiaren oinarrizko kontzeptuak ulertuz, balioan jartzea lortu zen. Antolatzaileen arabera, lehen fase honetan elkarlana oso positiboa izan da: “Hasierako ebaluazioa orokorrean oso ona izan da; elkarlanak berez balorazio positiboa du eta gerturatutakoen erantzunek saio hauek beharrezkoak direla berresten dute”.

Agroekologiaren oinarria nekazaritza ekologikoa dela nabarmendu zen, eta EHKOlektiboak ere bide horretan urratsa eman zuen 2024 urtean: agroekologiaren gutxieneko baldintza gisa, nekazaritza ekologikoaren ziurtagiria eskatzea berezarriz, koherentzia eta fidagarritasuna indartuz.

Nekazaritza ekologikoa Europako araudi ekologiko batek arautzen du eta ekoizpen eredura mugatzen da. Agroekologiak ekoizpen eredutik haratago doazen beste esparru batzuk ere barne hartzen ditu, ikuspegi integralago bat eskaintzen digu, ingurumenarekiko orekan, elikadura burujabetzan eta tokiko komunitateen indartzean oinarritzen da.

Otsailean beste hiru saio antolatuko dira, jendearen interesa eta parte-hartzea indartzeko eta agroekologiaren eta nekazaritza ekologikoaren balioak herritarren artean gehiago hedatzeko. Lehen saioetan sumatutako jakin-mina eta gogoa ikusita, antolatzaileek argi dute topaketa hauek etorkizunean ere ezinbestekoak izango direla sektorearen arteko elkarlana eta kontzientziazioa sendotzeko.

Ekoizpen ekologikoaz eta agroekologiaren bideaz gehiago jakin nahi baduzu, ez galdu aukera!

  • Otsailaren 10 16:30ean, Bilbo, Edificio Ensanche
  • Otsailaren 11, 16:30ean, Lazkao, Biziola
  • Otsailaren 12 16:00ean, Donostia, Cristina Enea

sustatu

Author sustatu

More posts by sustatu
ekolurra
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.