Azken urteetako joerari eutsiz, nekazaritza ekologikoa hazten ari da EAEn
Inskribatutako azalerak nabarmen egin du gora %43, guztira 18.167 hektarea, hau da, aurreko urtearekin alderatuta 5.478 Ha gehiago. Hazkunde hau batez ere larre eta mahasti azaleren igoerari zor zaio. Larreen kasuan, adibidez, 3.110 Ha mendi komunal eman dira altan lau udalerritan: Amezketan, Ataunen, Zaldibian eta Urduñan.
Hala ere, zenbait landaketa estentsiboetan jaitsiera eman da; Arabako lekale eta pataten azaleren beherakada horren adibide dira.
Une honetan, Euskadiko nekazaritza-lurren %9 dago ekologikoan ziurtatuta. Oraindik urrun ‘Baserritik Mahaira’ Europako Itun Berdearen helburua betetzetik, hau da: 2030ean lurren %25 eredu ekologikoan kudeatuak izatea, alegia. Edozein modutara, urte betean 2 puntu egin ditu gora.
Eragileen errolda iaz baino pixka bat gehiago hazi da %6, pandemia geroztik jaitsiera izan zen baina aurtengo igoera aurretik zeuden hazkundetara hurbildu da. Guztira 813 eragileekin bukatu da urtea, iaz baino 45 eragile gehiago.
Alta eskaerei erreparatuta, orokorrean interes maila handitu egin dela esan daiteke, batez ere, ekoizleen artean eta bereziki Arabar Errioxako mahastigileen artean. Elaborazio enpresetan geldialdi bat somatzen da, bai kopuruan zein daudenen fakturazioan.
EAE-ko eragilearen perfila
Ekoizle, nekazari eta abeltzainen kopurua gero eta handiagoa da, eta eraldatzaile eta inportatzaileen kopurua, berriz, zertxobait jaitsi da aurreko urtearekin alderatuta.
Halaber, EAEko errolda ekologikoan inskribatutako titularren %17 40 urtetik beherako gazteak dira. Emakumeek erroldaren %29 osatzen dute: 931 legezko ordezkaritatik 272 dira.
Agroekologia etorkizuna da
Datuek erakusten duten bezala, azken urteotan eredu ekologikoa gorantz doa EAEn. Nekazaritza ekologikoa etorkizuneko elikadura-eredua da, egungo sistemaren muga fisiko eta klimatikoei erantzuten dielako; lurzoruaren pobretzea, biodibertsitatearen galera, larrialdi klimatikoa, kanpo-input kimikoekiko mendekotasuna, eta elikadurarekin lotutako osasun arazoen gorakada, besteak beste. Era berean, nekazaritza eredu ekologikoaren hazkundea sendotzeko eta etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa da ekoizpen eredua ekologikoa izateaz gain agroekologiaren balioetan oinarrituta garatzea: elikadura burujabetzan, lurraldearen izaera eta baliabideetara egokituta, herriaren behar eta balioekin lerrokatuta, eta tokiko ehun sozial eta ekonomikoan txertatuta.


